• Herritarrentzat prezio txukunak bideratu dituzte, taldearentzat diru iturri izateaz gain, herria girotu nahi baitu Orioko Arraunketa Elkarteak.
• Ekitaldi ugari antolatu dituzte hiru egunetarako: kontzertuak, estropada eta herrien arteko kirol proba tarteko.
Lehen aldia da Orion Garagardo Azoka antolatzen dela. Orioko Arraun Elkartearen eskutik izango da Maiatzaren 24, 25 eta 26an. Bi helburu betetzeko antolatu dute festa: Orioko Arraunketa Elkartearen diru sarrerak indartu nahi dituzte, baina herria girotzea dute asmo nagusi. Hala azaldu du prentsaurrekoan Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak: “Ez dira garai onenak erakunde publiko eta pribatuetara diru eske joateko. Gu lanerako sartu ginen hona eta egitasmo propioa sortzea erabaki dugu”. Huegunen esanetan egitasmoa apala eta xumea izango da, eta aurten txukun samar ateraz gero, urtero gauzatzeko asmoa daukate Orioko Arraunketa Elkartean. “Herri txikiaren neurrikoa izango da feria, kanpotik jende etortzea espero dugun arren. Prezioak beste azoketan baino merkeagoak jarri ditugu, apal- apal hasteko. Ezinbestean kontuan izango dituzte herriko taberna eta negozioak: “jendea erakarri nahi dugu herrira eta herritarrak kalera ateratzea lortu nahi dugu. Hori bai, tabernariek ere lan egin behar dute eta plazan ez ditugu zerbitzu guztiak eskainiko, tabernek ere lan egin dezaten”. Goizeko ordubatean itxiko dute azoka ostiralean eta larunbatean. Igandean Realaren partidua amaitu ostean, pantaila handian emateko asmoa baitute.
Jan-edana eta ekitaldi ugari
Garagardo arruntak eta bereziak dastatzeko aukera izango da Orioko Plazan. Horrez gain, jatekoa eskainiko dute, ukondoa eta saltxitxak, bestelakoez lagunduta. San Miguel etxearen laguntza izango du Orioko Arraun Elkarteak azoka antolatzeko. Huegunek azalpenak eman ditu honen inguruan: “San Miguel erakundeak arraun munduko liga indartsuena babesten du eta koherentziaz joan ginen laguntza eske. Esku zabalik hartu zuten proposamena”. Prentsaurrekoan izan da Carlos Fabra San Miguel erakundearen Gipuzkoako delegatua.
Ekitaldi ugari izango dira hiru egunez. Oiana Blanco judoka oriotarra eta Imanol Agirretxe futbol jokalariak Mirotza saria jasoko dute azokari hasiera ematen dion ekitaldian: “Herritarra da Oiana eta ama izateko puntuan izango da azoka egunetan, ordurako izan ez badu. Imanol Agirretxe, berriz, Orioko Arraun Elkarteko bazkidea da, umetatik oriozale amorratua. Realaren denboraldi bikaina omentzen hasita Agirretxe etortzea nahi genuen, zalantzarik gabe”. Huegunek adierazi digunez, Real Madrilen aurkako partiduaren arabera ekitaldian izango da. Arrutiko Intxaurrak bakarlaria, Gari eta Iñaki trikitilariak eta Fun and Go erromeria taldea izango dira bi egunez giroa alaitzen.
Larunbatean izango dira ekitaldi nagusiak. Goizean, oriotarren eta zarauztarren arteko korrika desafioa izango dugu. Hossain Kaanache da lasterketaren bultzatzaile nagusia eta berak azaldu du prentsaurrekoan: ” hamar oriotar eta hamar zarauztar, plazan osatu den kilometroko zirkuituan bueltaka. Bakoitzak kilometroa osatu beharko du eta hamar taldekideen denborak gehituko dira”. Oriotarren artean aurpegi ezagunak daude: Aitor Rubio, Jaime Abalos, Susana Martin, Josu Perez, Kamel Ziani, Eneko Dorronsoro, Imanol Zabaleta, Jokin Redondo, Aitor Etxeberria eta Andoni Campos. Baina zarauztarrak ere ezagunak dira kirol munduan: Iñaki Uzin, Jon Azkue, Ibai eta Juanjo Berazierto, Alazne Aizpurua, Josu Larrarte, Aitor Hoyos, Iñigo Eizagirre, Oskar Tena eta Jose David Castro.
Kirol asteburua da herrian. Larunbat arratsaldean aulki mugikorreko estropadak izango dira. Baina ez dira ekitaldi bakarrak izango. Orioko Arraunketa Elkarteak aintzat hartu ditu aurrez programatuta zeuden ordutegi guztiak elkarri trabarik ez egiteko.
PROGRAMA
OSTIRALA
19:00 GARAGARDO AZOKAREN IREKIERA EKITALDIA
Imanol Agirretxek eta Oiana Blancok Mirotza saria jasoko dute.
19:00 ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK
22:00 GARI ETA IÑAKI TRIKITILARIAK
LARUNBATA
11:30 HAMAR ORIOTARREN ETA ZARAUZTARREN ARTEKO KORRIKA DESAFIOA
17:00 ESTROPADAK. AULKI MUGIKORRA, GAZTEEN KATEGORIA.
20:45 CHAMPIONS FINALA PANTAILA HANDIAN
ONDOREN, FUN AND GO ERROMERI TALDEA
IGANDEA
18:30 ARRUTIKO INTXAURRAK
20:00 REALA-REAL MADRID PANTAILA HANDIAN