Gaurko egunez hasi dira jartzen Aritzaga-Endaia-Herriko Plaza inguruko zoladura eta, hainbat atzerapen eta gero, gauzak ondo bidean, abenduan bukatuta geratuko da obra.
Nahi baino luzeago
Obra nahi baino gehiago luzatu da eta, batez ere, asko atzeratu da zoladura jartzea.
Proiektuan aurreikusitako zoladura basaltozkoa zen eta berandu iritsi zen, COVID-19ak sortutako hornidura-arazoengatik. Basaltozko zoladura hura jartzen hasi zirenean, Udala konturatu zen ez zela hasieran enkargatutako material bera eta, gainera, akastuna zela eta mikrofisurak zituela. Mikrofisura horiek oso nabarmenak ziren zorua bustitakoan (ikusi beheko argazkia). Udalak, gaia urgentziaz aztertuta, zoladura hura atzera botatzea erabaki zuen, teknikariek egindako txostenean oinarrituta.
Udalak, ondoren, beste zoladura-mota bat aukeratu zuen uztailean eta hori joan den astean iritsi zen. Zoladura berria granitozkoa da eta dagoeneko hasita daude Altuna y Uria enpresako langileak hori instalatzen. Bi hilabete pasatxo beharko dituztela aurreikusten dute, lan guztia bukatzeko.
Udalak badaki obra luzatzeak endredoa eta eragozpenak sortu dituela eta barkamena eskatzen die herritarrei. Nolanahi ere, daukan arduragatik, nahiago izan du lanak behar bezala bukatuko direla ziurtatzea eta ingurua urte askotarako txukun geratuko dela bermatzea.
Kontuz ibiltzeko deia
Obra-eremuan zoladura jartzeko lanak egin ahala, itxiturak eta hesiak jarriko dituzte jendearen pasaera bideratzeko eta segurtasuna zaintzeko. Herritarrei, beraz, eskatzen zaie arretaz ibiltzeko eta seinaleei kasu egiteko.
Udalak atzera bota zuen zoladura