Gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera izango da eskualde osoan

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrek gidabaimena (oraingoz B1 baimena) euskaraz ateratzeko aukera izango dute aurrerantzean, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko autoeskolek batera landu duten egitasmoari esker.

Eskualdeko udalak, Udal Elkartea eta eskualdeko autoeskolak (Solozabal, Jolmar eta Zumaia autoeskolak) elkarlanean ari dira GIDABAIMENA EUSKARAZ kanpaina lantzen.

KANPAINAREN ZERGATIA

Urtean zehar B1 gidabaimena ateratzen duten herritarren %85 inguru 18 eta 19 urteko gazteak dira. Gure eskualdean adin horretako gazteen %94 elebidunak dira eta gehien-gehienak D ereduan egin dituzte ikasketak. Horrekin batera, eskolaz kanpoko jardueratan, kirol arloan eta antzeko jardueratan euskarazko eskaintza jasotzen dute. Hala ere, gidabaimena ateratzeko orduan, ia denek gaztelaniaz egin behar izaten zuten. Orain arte bazen aukera azterketak euskaraz egiteko, baina aukera hori ez zen bideragarria, autoeskoletan material egokirik ez zegoelako (eskuliburua, testak…).

GIDABAIMENA ATERATZEKO MATERIALA EUSKARAZ

Gidabaimen arrunta (B1) ateratzeko eskuliburua eta programa informatikoa garatu ditu euskaraz AEOL (Autoescuelas On Line) enpresa valentziarrak. Material hori Debagoienako Mankomunitatearekin eta eskualde horretako udalekin elkarlanean prestatu eta garatu dute.

Material horretan Trafikoko Zuzendaritzak erabiltzen duen terminologia eta hizkera erabiltzen dute eta, beraz, egokituta dago.

Material horren berri jakin eta eskualdeko autoeskolekin harremanetan jarri ziren euskara teknikariak. Autoeskolek oso harrera ona egin diete egitasmoari eta borondate argia erakutsi dute gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera emateko.

GUTUNAK ETXEETARA

Orioko Udalak gutuna bidaliko die 18-19 urte arteko gazteei, gidabaimena euskaraz ateratzeko sortu den aukeraren berri emanez eta, horrekin batera, kanpainaren berri ematen duten diptiko eta kartelak banatuko dira herrian.

Gidabaimena euskaraz atera nahi duenari doan emango diote autoeskolek eskuliburua, Udal Elkarteak bere gain hartu baitu eskuliburu horien kostua.

Horren truke, autoeskolek honako konpromisoak hartu dituzte:

  • Gidabaimena euskaraz ateratzeko zerbitzua eskainiko diete herritarrei.
  • Gidabaimena euskaraz ateratzeko aukeraren berri emango diete herritarrei.
  • Konpromisoa hartzen dute horretarako egin behar diren aldaketa eta lanak egiteko.
  • Elkarlanean ariko dira udalekin eta Udal Elkartearekin eta proposamenak egingo dituzte gidabaimenen arloan euskararen erabilpena normalizatzeko.
  • Gidabaimena euskaraz atera duten herritarren inguruko datu estatistikoak emango dizkiete udalei eta Udal Elkarteari.

KANPAINAREN AURKEZPENA

Ekimenaren aurkezpena maiatzaren 29an egin zen Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Kanpaina ekainaren lehen eta bigarren astean egingo da.

UDAL ELKARTEAK eskerrak eman zizkien eskualdeko autoeskolei, ekimenarekin bat egin eta erakutsi duten borondateagatik. Horrenbestez, elkarlanean jarraitzeko asmoa agertzen die autoeskolei.

Autoeskolen izenean Zumaia Autoeskolako ordezkari Izarrek adierazi zuen gazte askok zailtasunak izaten dituztela gidabaimenaren atal teorikoa gaztelaniaz landu eta ateratzeko eta euskaraz egin ahal izatea eskertu egingo dutela. Erantsi zuen autoeskolara datozen gazte gehien-gehienek euskaraz egin dituztela ikasketak eta Trafikoko Zuzendaritzaren gaztelaniazko terminologia arrotz egiten zaiela.

Autoeskolen izenean adierazi zuen aspalditik ari zirela beren ahalegina egiten zerbitzua euskaraz eskaintzeko, baina material ezak zailtasun handiak sortzen dituela. Orain, material hau eskura izanik, autoeskolek zerbitzua euskaraz eskaintzeko beste tresna bat izango dute.

Gaineratu zuen hasieran jendeak zalantzak izan ditzakeela gidabaimena euskaraz ateratzeko, baina ziur dagoela poliki-poliki jendea hasiko dela euskaraz gidabaimena ateratzen.