ASPANOGI elkarteak (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak) festa giroko hainbat ekitaldi antolatu ditu Orion uztailaren 11 eta 12an.
Ekitaldi horien helburua elkartea ezagutzera ematea da eta, horrekin batera, diru zerbait lortzea elkartearen premietarako.
Carlos Peña igerilariaren erakustaldia
Carlos Peña igerilariak 24 ordu egingo ditu segidan igeri, errioan gora eta behera, larunbatean hasi eta igandean bukatuta. Uztailaren 11n emango dio hasiera igeriketa-saioari, 16:30ean, Arraunetxetik abiatuta; eta 24 ordu beranduago bukatuko du, uztailaren 12an, Herriko Plazan.
Larunbateko ekitaldiak
24 ordutako bitarte horretan haur eta helduentzako hainbat jarduera antolatu ditu ASPANOGI elkarteak.
Larunbat arratsaldean, 16:30etik 19:30etara haurrentzako festa izango da ikastolan: gaztelu puzgarriak, tailerrak, jolasak… eta Ane Pirataren bisita berezia. Sarrera borondatearen truke izango da.
Ondoren, 19:30ean hanburgesa-parrillada izango da toki berean.
Igandeko ekitaldiak
Igandean, uztailak 12, elkarteari babesa erakusteko, martxa nordiko solidarioa antolatu dute, 10:30ean hasita. 8 kilometroko ibilbidea izango du eta udal kanpinetik abiatuko da, gero plazan bukatzeko. Izen-ematea irteera-gunean izango da.
Ondoren, 13:30ean, paella erraldoia egingo dute plazan eta razioak salduko dituzte.
Bukatzeko, ongietorri ekitaldia egingo diote plazan Carlos Peñari, bere 24 orduko igeriketa-saioa bukatzen duen unean, 16:30ean.