Giro bikaina izan zen San Nikolas jaien barruko Euskal Jai egunean

Giro polita sortu zen herriko plazan abenduaren 8ko Euskal Jai egunean eta, hartara, bukaera ederra izan zuten aurtengo sanikolasak.

Satxota, Urdaira eta Bereziartua sagardogileen sagardoak izan ziren estimazio handiena jaso zutenak oriotarren aldetik.

Parrillan erretako txistorraren usainak plaza betetzen zuen bitartean, 10 sagardo mota dastatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren oriotarrek. Antolatzaileek orritxo batzuk banatu zituzten, herritar bakoitzak bertan apuntatzeko zein sagardo gustatzen zitzaion gehien. Estimazio handiena Satxotakoak, Urdairakoak eta Bereziartuakoak izan zuten.

Eguraldia lagun, oso giro ederra izan zen plazan goiz osoan eta jende asko hurbildu zen txistorra pintxoen eta sagardoaren usainera.

Antolatzaileen esker ona

Orioko Udaleko Festa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie aurtengo San Nikolas jaiak antolatzen aritu diren herriko talde eta lagun guztiei. Festa oso parte hartzaileak izan dira eta batzordeak, mezu honen bidez, egindako lana eskertu nahi die partaide guztiei eta lanean aritu diren udal langileei.