‘Gure Bazterrak’ jaialdia izango da azaroaren 29an Karela kiroldegian

Jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko Orioko Kalakari tabernan, Zarauzko Eguzkin, Usurbilgo Irratin, Donostiako Garoa eta Danbadan eta interneten, entradium.com helbidean.

Jaialdian bost taldek joko dute: Grises, John Berkhout, Giranice, Moby Dick eta Skasti. Bost talde desberdin, era askotako musika-motak egiten dituztenak: rocka, indie-a, ska, musika psikodelikoa, popa, musika instrumentala…

Jaialdia azaroaren 29an egingo da, larunbatarekin, 18:00etan hasita, Orioko kiroldegian. Sarrerak 10 eurotan saltzen ari dira, aldez aurretik; eta 12 eurotan salduko dira egunean bertan, Karelan.

Ekimen pribatuak antolatutako jaialdia da, eta Udalak lagundu du, beharrezko azpiegitura jarriz eta kiroldegia erabiltzeko baimena emanez.

‘Gure Bazterrak’, egitasmo zabala

Gratxina Lertxundi, Eñaut Martí eta Maider Villaverdek jarri dute abian ‘Gure Bazterrak’ egitasmoa, Euskal Herriko musika-taldeei bultzada emateko asmoz. Kimmu izeneko enpresa sortu dute eta musika-promozioa eginez eta hemengo taldeen lana bultzatuz egin nahi dute bidea.

Proiektuaren lehen urratsa Orion eman nahi izan dute eta horretarako antolatu dute azaroaren 29an egingo den jaialdi handia.

Proiektua, hala ere, ez da jaialdira mugatzen. Alderantziz, jaialdi hau proiektu zabalago baten hasiera izango da; eta, Oriokoaren ondoren, horrelako gehiago antolatu nahi dituzte Euskal Herrian, euskal musika ‘gure bazter’ guztietara zabaltzeko.