Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena izango da ostiralean kultur etxean

Gure Esku Dago herri ekimena aurkeztuko da ostiralean, maiatzak 30, kultur etxean, 19:30ean hasita.

Ekitaldia bideo emanaldi batekin hasiko da eta, ondoren, berriketaldia izango da bertaratzen direnen artean. Gai nagusia, ekimenaren aurkezpenaz gain, ekainaren 8ko giza-katearen antolaketa izango da.

Ekainaren 8ko giza-katea

Ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-kate bat osatzeko deia egin du Gure Esku Dago ekimenak, Durangotik Iruñera bitartean. Dagoeneko ehunetik gora herritar dago apuntatuta, giza-katean parte hartzeko.

Ostiraleko ekitaldian ere aukera izango dute izena emateko hala nahi dutenek.

Udalak babesa ematen dio ekimenari eta kostuaren zati bat hartuko du bere gain: autobusaren gastua 10 eurokoa da pertsonako, eta Udalak 5 jarriko ditu. Hala erabaki du, aho batez, Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festetako batzordeak.