Hamabi plaza daude libre haurreskolan datorren ikasturterako

haurreskolakDatorren ikasturterako matrikulazio aldia itxi ondoren, hamabi toki geratu dira libre Maria Maestra haurreskolan: 8 toki, 0-1 urte bitarteko haurrentzat; eta 5 toki, 1-2 urteko haurrentzat. Beraz, urrian berriro zabaltzen denean matrikulatzeko epea, toki horien eskaintza egingo du haurreskolak eta haur gehiago hartzeko aukera izango du.

Aurten, ikasturtean zehar, hainbat bilera egin ditu Udalak herriko gurasoekin eta haurreskolako arduradunekin, Maria Maestra haurreskolan etorkizunean izan litekeen toki falta arazoa aztertzeko eta irtenbideak proposatzeko. Orioko haurreskolak 55 haur har ditzake gehienez, haurreskolen partzuergoak ezarritako kopuruaren arabera.

Haurreskolen partzuergoa prest agertu da Orioko haurreskolaren plaza-kopurua gehitzeko, horretarako premia izanez gero; baina, horretarako, aldez aurretik, obra egin beharko litzateke eraikinean, beste bi gela sortzeko. Nahiko obra erraza da, udako oporrak aprobetxatuz egin beharko litzatekeena.

Udalak aurten prestatu du obra hori egiteko proiektua; baina, datorren ikasturteko matrikulazio datuak eta aurreikuspenak aztertuta, erabaki du obra ez aurten egitea baizik-eta hurrengo udan, horretarako dagokion diru-partida sortuz 2014ko udal aurrekontuan.