Tolosako Topic-ek antolatzen duen Titirijai astearen barruan ‘Les Clochards Célestes’ taldeak haurrentzako antzerkia emango du Orioko Arraunetxen ostiral honetan, azaroak 30, 19:00etan hasita. Udalak eta Topic-ek antolatu dute emanaldia elkarlanean.
Hitza erabiltzen ez duen ikuskizuna da, 3 urtetik gorako haur eta helduei zuzendua, eta 35 minutu inguruko iraupena du.
Mamita dordoka habiaren bila
Mamita dordoka zahar bat da eta lehen arrautzak erruten zituen habiaren bila dabil. Baina denbora asko pasatu da eta toki hura erabat aldatuta dago orain. Halako batean, Mamita gogoratuko da non zegoen galdutako paradisu hura eta hara abiatuko da. Bidea zoragarria izango da.
Les Clochards Célestes konpainia
Les Clochards Célestes ipuin kontalariak dira. Kaleko artea atsegin dute eta denetzako zuzendutako lanak egitea gustatzen zaie. Gustuko dute ikusleen artean barreak sortzea, baina baita negar eginaraztea ere. Ikusleen arima lotiak esnatu nahi izaten dituzte.
Les Clochards Célestes bizitzan inspiratzen dira eta maskarak, txotxongiloak eta keinuak erabiltzen dituzte inguratzen gaituen mundua adierazteko hizkuntza gisa. Ikuslearen bihotza grazia, samurtasun eta poesiarekin asetzea dute helburu. Beren ikuskizunen bitartez, Les Clochards Célestes sormena erabiltzera gonbidatzen dituzte ikusleak.