‘Henry Bengoa inventarium’ antzerki lana kultur etxean

Udaleko Kultura batzordeak antolatuta, Bernardo Atxagaren testuan oinarritutako bakarrizketa antzeztuko du Kandido Uranga aktoreak azaroaren 2an.

Emanaldia ostegunean izango da, azaroak 2, iluntzeko zortzietan hasita, kultur etxeko areto nagusian. Sarrera doan izango da.

Kandido Uranga aktore zumaiarrak Bernardo Atxagaren aspaldiko testu bat hartu du oinarri Henry Bengoa inventarium izeneko antzerki lana prestatzeko. Bakarrizketa bat da eta Kandido Urangak egiten ditu, bakar-bakarrik, taula gaineko lanak, nahiz eta laguntzaile tekniko bat daukan, tarteka irudiak proiektatzeko eta soinu eta musikaz arduratzeko.

Irudien gainean Urangaren ahotsean entzun ahalko diren hitzetako batzuk azalduko dira, tartekatuta.

Musikari ere tokia egin dio Urangak ikuskarian. Besteak beste, Ruper Ordorikaren kantuak erabiliko ditu, baina ez ditu osorik emango, zatika baizik.

Kandido Urangak ibilibide oparoa du aktore gisa eta lan ugari egin ditu zinean eta telebistan. Obra honen bidez aurrerapausoa egin du eta berak prestatu du oso-osorik lana: testua egokitu, musika eta atrezzoa prestatu, zuzendari eta aktore lanak egin…

Emaitza iaz estreinatu zuen jaioterrian, Zumaian, eta, geroztik, Euskal Herriko toki askotan antzeztu du.