Emakume eta gizonen berdintasunerako plana egin nahi du Udalak eta, horretarako, diagnosia osatuko du aurrena. Diagnosia egiteko, besteak beste, herri topaketa antolatu du urriaren 23an, asteartearekin.
Topaketan landuko diren gaiak honako hauek dira: emakumeen kontrako indarkeria, etxeko lanen eta zaintza arduren banaketa, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldeak, berdintasunerako heziketa, erantzukizun partekatua?
Udalak Murgibe aholkularitzaren zerbitzuak kontratatu ditu lan honi ekiteko eta, hortaz, Murgibeko teknikariak izango dira topaketa bideratuko dutenak.
Topaketa irekia da parte hartu nahi duten guztientzat. Orioko ikastolan izango da, urriaren 23an, 19:00etan hasita. Udalaren nahia da ahalik eta parte-hartzerik zabalena izatea, gaia ikuspuntu askotatik landu ahal izateko.
Haurtzaindegi zerbitzua
Haurrak zaindu behar dituzten gurasoek ere parte hartzeko aukera izan dezaten, haurtzaindegi zerbitzua jarriko du Udalak, topaketak irauten duen bitarterako. Haurtzaindegi zerbitzuaz baliatu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, kultur etxera deituta (943 134 409).