Udalak zazpi desfibriladore ditu, larrialdietan erabili ahal izateko, eta kirol portuan ere badago beste bat, Portu Zuzendaritzak jarritakoa. Bestalde, Udalak ikastaroak antolatzen ditu aldiro-aldiro, udal langileei eta lantokietako arduradunei desfibriladore horiek nola erabili erakusteko.
Honako tokietan daude instalatuta desfibriladoreak:
- Zaragueta eskolan
- Ikastolan
- Futbol zelaian
- Zaharren babeslekuan
- Kanpinean
- Arraunetxen
- Kiroldegian
- Kirol portuan
Desfibrilazioa, bizitzak salbatzeko
Bihotzeko arazoek, gaur egun, bat-bateko heriotzen portzentaje handi bat eragiten dute.
Norbaiti, bat-batean, bihotza gelditzen zaionean, tratamendu onena, medikuek diotenez, desfibrilazioa da, ahalik eta azkarren aplikatua. Desfibrilazioaren bitartez lor daiteke geldituta zegoen bihotza berriro taupadaka hastea. Hori lehenbailehen egin behar da (lehenbiziko 4-5 minututan) eta, beraz, garrantzizkoa da desfibriladore-sare ondo osatua edukitzea, larrialdi batean beti izateko bat eskura.
Gaur egun teknologiak posible egin du desfibriladore txikiak nonahi eskura izatea eta batetik bestera erraz erabiltzea. Horrek bizitza asko salbatu ditzake, egoki erabilita.
Eusko Jaurlaritzak zehaztuta dauka, 2015eko dekretu baten bitartez, zein minimotatik aurrera den beharrezko desfibriladorea instalatzea, eta Orioko Udalak aise gainditzen ditu ezarritako minimo horiek.
Edozeinek erabiltzeko prestatuta
Desfibriladorea erabiltzeko ez da medikua izan beharrik eta edozeinek balia dezake, prestakuntza egokia jasoz gero.
Gainera, larrialdi batean, erabiltzeko prestakuntza jaso duen inor inguruan ez badago, gaur egungo desfibriladoreek aukera ematen dute mediku baten urrutiko laguntza jasotzeko. Hartara, medikuak gidatuko du erabiltzailea, desfibriladorea egoki erabil dezan.
Udala orain dela urte batzuk hasi zen eraikin publiko batzuetan desfibriladoreak instalatzen eta langileei horiek erabiltzeko prestakuntza ematen. Desfibriladoreak jende gehien biltzen den guneetan instalatzen dira, baina edozein herritarrek erabil ditzake premia izanez gero.