Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, Orioren irisgarritasun-plan berria lantzen ari da Udala. Herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, bilera irekia deitu zuten martxoaren 31n, ostegunarekin, baina agenda arazoak tarteko, apirilaren 7ra atzeratu dute saioa. Kosta tailerrean egingo dute, eta gaian interesa duen edonori zabaldutako topaketa izango da, herriaren irisgarritasun unibertsala jomugan.
Orioko Udalak hogei urte baino gehiago daramatza irisgarritasunari lotutako funtsezko aldaketak proposatzen. 2001ean, 2011n eta 2018an irisgarritasun-plan bana egin ziren, eta haien bidez proposatutako egokitzapenek erabat aldatu dute udalerriaren diseinua. Hala, herriko irisgarritasun-maila nabarmen hobetu da.
Martxoan zehar hainbat erakunde, elkarte, klub eta gizarte-erakunderekin biltzen ari da Udala, baita irisgarritasunaren gaiarekin lotura duten norbanakoekin ere. Giza aniztasuna kontuan hartuta, herriaren diseinu inklusiboa garatzea du helburu, desgaitasun fisikoa, bisuala, entzumenekoa eta kognitiboa duten pertsonek oztoporik gabeko espazioez gozatzeko aukera izan dezaten.
Bilera irekia
Plan orokorra garatu bitartean, herritarren parte-hartze mahaia deitu nahi du Udalak, oriotarren ideiak eta proposamenak jasotzeko eta espazioen irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Hiru bilera egingo dituzte martxoan, apirilean eta maiatzean.
Lehen saioa hil honen 31n, ostegunarekin, egiteko asmoa zuten arren, saioa apirilaren 7ra atzeratu behar izan dute. 18:30ean jarri dute hitzordua, eta bertan izateko ala zalantzak argitzeko, 635 75 13 39 telefono whatsappa idatzi behar da.