Herriko merkatariek aukera izango dute udan salmenta-gune bat jartzeko hondartza aldean

Orioko Udalak eta herriko merkatariek osatutako Merkataritza mahaiak urteak daramatza aztertzen nola erakarri herrira udan hondartzara etortzen diren bisitariak. Asmo horrekin sortu zen txu-txu trenaren ideia duela urte batzuk.

Mahaiaren azken bileran hondartzan gune finko batzuk jartzeko proposatu zen eta merkatariek proposamenaren alde egin zuten.

Orioko Udalak, herriko merkataritza sustatzeko asmoz, bi kaseta edo etxolatxo jarriko ditu hondartzan uztailean eta abuztuan. Etxola horiek Orioko merkatari guztiek, janari dendek izan ezik, erabili ahal izango dituzte. Udalak bere gain hartuko du etxolen eta elektrizitatearen gastua.

Izena emateko epea ekainaren 12a arte

Merkatari bakoitzak Orioko Udalaren gutun bat jasoko du parte hartzeko gonbitarekin. Udaletxean ekainaren 12a arte, ostirala, izena emateko aukera dute, bi lerrotan azalduz zer saldu nahi duen. Izen-ematea udaletxera etorrita edo kultura@orio.eus helbidera mezua bidalita egingo da, norberarentzat erosoena dena.

Antolatzeko bilera, ekainaren 18an

Ondoren izena eman dutenen artean bilera bat antolatuko du Udalak, guztion artean zehazteko ordutegiak, norberari tokatzen zaizkion egunak eta erabilpen arauak. Bilera hori ekainaren 18an izango da, eguerdiko 14:30ean.

Udala ziur dago ekintzak harrera ona izango duela. Orion kalitatezko merkatariak daude eta, beren profesionaltasuna eta produktuak hondartzan erakutsiz, jendeari Oriora gerturatzeko gogoa sortu nahi dio Merkataritza mahaiak ekimen honen bidez.

 

etxolak15