Herriko natur ondareak ezagutzeko bizikleta-martxa izango da larunbat goizean

Orioko curriculumak eta Herrio natur taldeak bizikleta-martxa bat antolatu dute larunbat goizean, maiatzak 9, herriko naturguneak bisitatzeko eta haiei buruzko azalpenak emateko.

Herrio taldeko kideek bideratuko dute ekimena. Bizikleta-martxan Bikamiotan hasiko da, 10:30ean, eta hiru geldialdi egingo ditu: hondartzan, Motondon eta Aitzondon. Toki bakoitzean azalpenak emango dituzte, eta espazio horrek natur balioaren aldetik dauzkan ezaugarriak agertuko dituzte. Guztira, ordu eta erdiko saioa izango da, gutxi gorabehera.

Edozeinek dauka parte hartzea; baina antolatzaileek ahalegin berezia egin dute hezkuntza munduko jendearengana iristeko: irakasleak, gurasoak, ikasleak…

Antolatzaileek eskatu diete parte-hartzaileei, mesedez, izena emateko aldez aurretik kultur etxean.

Orioko curriculuma

Orioko Curriculuma osatzeko lanaren barruan kokatzen da ekimena. Zer jakin behar du Orioko 16 urteko gazte batek DBHa bukatzen duenean herriko natur ondareari buruz? Galdera horri erantzuten saiatuko dira Herrio natur taldeko kideak, azalpen oinarrizko batzuk emanez.