Ambar izeneko elkarteak hitzaldia emango du Orioko kultur etxean, Bizkaiko golkoko zetazeoen (baleak, izurdeak…) egoera aztertzeko eta beren kontserbaziorako abian dauden ekimenen berri emateko.
Hitzaldiaren izenburua honako hau da: Balearen Bila: Hezkuntza eta kontserbazioa. Bizkaiko golkoko izurde eta baleak; mehatxuak eta ikerketa teknikak.
Hitzaldia maiatzaren 24an izango da, ostegunarekin, eta arratsaldeko zazpietan hasiko da.
Hitzaldia Leire Armentia Lasuen bilbotarrak emango du. Leirek EHUn egin zuen Biologiako lehen zikloa eta, ondoren, Vigoko unibertsitatean lizentziatu zen Itsas Zientziatan. 2003. urteaz geroztik Ambar elkarteko kide aktiboa da eta elkarteak egin dituen ikerketatan eta hainbat hezkuntza proiektutan parte hartu du. 2006. urteaz geroztik, Italiako Tethis ikerketa institutuko kide da eta Mediterraneo iparraldeko Pelagos izeneko zetazeoen santutegian ari da lanean, zetazeoak ikertzen eta beren kontserbaziorako ahaleginak egiten.
BALEAREN BILA: HEZKUNTZA ETA KONTSERBAZIOA
Hitzaldian Balearen Bila izeneko proiektuaren berri emango du Leire Armentiak.
Balearen bila proiektu berri bat da, hezkuntzaren bidez gure kostaldeko zetazeoen (izurde eta baleen) ezagupena eta kontserbazioa lortu nahi duena. Ambar elkarteak 1996. urtetik hona burututako ikerketa lana laburbiltzen du, animalia hauen presentzia eta garrantzia euskaldunei hurbiltzeko.
Zetazeoak, munduko animalia espezie guztietatik, haien bizitza osoa ur ingurunean pasatzen duten ugaztun bakarrak dira. Bertan jaio, hazi, ugaldu eta elikatzen dira. Ondorioz, munduko biodibertsitatearen parte garrantzitsua dira. Gainera kate trofikoaren goi-mailan daude eta, beraz, gure itsasoaren osasun egoeraren indikatzaile moduan jokatzen dute. Desagertuz gero, aldaketaren bat gertatu dela antzeman dezakegu.
Bizkaiko golkoan munduko 84 espezieetatik, 24 aurkitu daitezke, eta euskal uretan 8 dira ohikoenak.
Gure kostaldeak duen forma bereziagatik, espezie hauetaz gozatu eta ikertzeko aukera dugu. Baina sarrien ikusten diren 8 espezie hauek mehatxu ugari jasan behar dituzte. Ondorioz, beren iraupena eta distribuzioa arriskuan daude.
Horretarako, mehatxuak gutxitu eta animalia hauek babesteko, ikerlari eta hiritarren laguntza ezinbestekoa da. Nolakoak diren ikasteko, ikusiz gero nola jokatu behar den jakiteko eta ingurugiroan duten garrantzia, lagun, seme-alaba, eta ingurukoei erakusteko.