Uztailaren hasieran su eman zioten kultur etxearen atzeko plazako igogailuari eta kalte handiak eragin zizkioten. Horren ondorioz, konponketak lanak asko luzatuko dira eta igogailua ezin izango da erabili datozen asteetan ere.
Udalak, ohar honen bidez, kezka agertu nahi du azken urteetan bandalismo-ekintzen kopuruak eta garrantziak gora egin duelako eta horrek kalte nabarmenak ekartzen dizkielako herritarrei.
Igogailuaren konponketak 8.000 euro
Aipatutako igogailuaren kasuan, orain egiten ari diren konponketak 8.000 euroko kostua izango du, Udalak ordainduko duena, herritar guztien dirutik. Horrez gain, jakina, kontuan hartzekoa da herritarrak igogailuak eskaintzen duen zerbitzurik gabe geratu direla ia bi hilabetez eta tartean edadeko jendea dagoela, edota ezindua, zerbitzu hori benetan behar duena.
Azken boladan izan direnak bakarrik aipatuta, bandalismo-ekintzak izan dira Muntoko pasealekuan (zakarrontziak txikitu dituzte), Azkueko parkean (hamaka bat lapurtu eta joko batzuk puskatu dituzte) eta igogailuan.
Udalak azpimarratu nahi du herritarrak direla ekintza horien ondorioz kaltetzen direnak: batetik, konponketak guztion diruarekin ordaintzen direlako eta, bestetik, zerbitzurik gabe gabe geratzen direlako (kasu honetan, haurrak geratu dira hainbat joko erabiltzeko aukerarik gabe eta herritar guztiak igogailua erabiltzeko aukerarik gabe).
Herritarrei deia
Udalak dei egiten die herritarrei guztion ondarea errespetatu eta zaintzeko. Kalitatezko zerbitzuak nahi baditugu, nahitaezkoa da horiek behar bezala mantentzea. Bandalismoak herritar guztiei egiten die kalte.