Aurtengoa egitasmoaren 12. edizioa izango da eta 45 herritan egingo da, guztira. Orion bosgarren aldia izango da antolatzen dela. Urtero bezala, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, udalekin eta herrietako liburu-dendekin elkar lanean.
Martxotik maiatzera
Martxotik maiatzera bitartean egingo da aurtengo ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ egitasmoa, gaurtik hasita.
Herritarrek euskarazko liburu gehiago irakurtzea bultzatzen du kanpainak. Gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera zabala dute bai haurrek eta bai helduek eta, kanpainaren bidez, oriotarrak bultzatu nahi ditu Udalak, euskarazko liburu horiek irakurri eta gozatzera.
Horrez gain, kanpainak beste bi helburu ere baditu: herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea.
Hiru pauso: irakurri, gozatu eta oparitu
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar duzu: izan daiteke haurrentzako liburu bat edota helduentzakoa.
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko duzu ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duzun. Behin fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %35eko deskontuarekin, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko.
Oparitu. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo nork bere buruari.
Gainera, apirilaren eta maiatzaren bukaeran, 30 euroko txeke bana zozketatuko da kanpaina honetan parte hartu dutenen artean. Saria irabazten duenak aukera izango du, txeke horrekin, nahi duen liburua erosteko herriko edozein liburu dendatan.
Egitasmoa maiatzaren 31n bukatuko da, baina erosketa-txekeak liburu-dendan erabiltzeko epea ekainaren 15era artekoa izango da.
45 herritan egingo da egitasmoa Hego Euskal Herrian
Araban: Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Gasteiz, Legutio eta Zigoitia.
Bizkaian: Atxondo, Balmaseda, Ermua, Getxo, Igorre, Lezama, Mañaria, Sopela, Ondarroa eta Zamudio.
Gipuzkoan: Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Orio, Soraluze, Hernani eta Zaldibia.
Nafarroan: Ultzamaldea, Lizarra, Burlata, Sakana, Berriozar, Berriobeiti, Antsoain, Atarrabia, Uharte, Aranguren, Zizur Nagusia, Malerreka, Iruñea, Leitzaldea, Barañain eta Esteribar.
Liburu-denda laguntzaileak
Liburuak saltzen dituzten hiru denda daude Orion eta hirurek hartuko dute parte kanpainan: Ontza liburu denda, Iturain estankoa eta Mauka paper denda.
Ikusi kanpainaren 2018ko bideoa