Irekita dago epea San Nikolas jaietako 3×3 saskibaloi txapelketan parte hartzeko

Urtero bezala, 3×3 saskibaloi txapelketa izango da Karela kiroldegian, abenduaren 8an, San Nikolas jaietako programaren barruan. Azken urteetan bi egunetan egin bada ere, aurten, egutegiak baldintzatuta, egun bakarrean jokatuko da saskibaloiaren festa.

Orioko Herri Ikastolak antolatu du txapelketa ZAST saskibaloi taldearen laguntzarekin eta Orioko Udalaren babesarekin.

Txapelketak kutsu herrikoia dauka eta eskualdeko jokalariei zuzenduta dago.

Iaz 100dik gora talde eta 500 inguru jokalari pasa ziren Karelako pistatik eta aurten ere beste horrenbeste espero dituzte antolatzaileek.

Abenduaren 8an, 09:00etan hasita

Txapelketa abenduaren 8an jokatuko da, ostegunarekin, goizeko 09:00etan hasita. Hasiera batean goizez jokatuko duten kategoriak hauek dira: preminibasket, minibasket eta infantilak. Horiek 14:00ak arte jokatuko dute. Arratsaldez, berriz, 16:00ak aldera hasita, kadeteen eta seniorren txanda izango da. Dena dela, aldaketak egin daitezke izen-ematearen arabera.

Talde kopurua mugatua da. Mugak aldakorrak izan daitezke kategoria bakoitzeko izen-ematearen arabera.

Kategoriak

Hauek dira txapelketako kategoriak:

  • Preminibasket: LH3 eta LH 4 (20 talde gehienez)
  • Minibasket: LH5 eta LH6 (20 talde gehienez)
  • Infantilak: DBH1 eta DBH2 (20 talde gehienez)
  • Kadeteak: DBH 3 eta DBH4 (24 talde gehienez)
  • Seniorrak: +16 urte (2000 edo lehenago jaiotakoak, 18 urtetik gorako gehienez 2 federatu) (32 talde gehienez). Taldeak mistoak izango dira derrigorrean. Hau da, pistan beti izango da neska bat eta mutil bat jokatzen.

Izen-ematea

Izen-ematea Orioko Karela kiroldegian egin daiteke. 20 euro kostatuko da izen-ematea 4 jokalari edo gutxiago badira eta 25 euro 5 jokalari edo gehiago dituzten taldeentzat. Kamiseta bana jasoko dute opari jokalari guztiek. Horrez gain, bestelako sariak ere izango dira.

Izena emateko, inprimakia bete beharko da HEMEN.