Iritsi dira erromes arraunlariak!

Noian daude dagoeneko Oriotik abiatutako erromes arraunlariak. Uretako lanak horrenbestez bukatu dituzte eta orain Noia eta Santiago Compostela arteko bidea oinez egitea baizik ez zaie falta eta hori ostegunean, abuztuak 9, egingo dute.

Ostiralean, abuztuak 10, errezibimendu handia egingo die Orioko herriak, udaletxearen aurrean.

Orain dela urtebete inguru hasi ziren gaiaz hitz egiten Orioko arraun zale batzuk. Done Jakue bidea egin nahi zuten, baina ezohiko modu batean: arraunean. Batzuek zorotzat hartu zituzten; baina ez zuten horregatik etsi eta, pixkana-pixkana egitasmoari forma ematen joan ziren: tripulazioa osatu, babesa bilatu, logistika antolatu… Orain, hamabi egun arraunean pasa eta gero, iritsi dira Noiako portura eta pozik daude, esperientzia zirraragarria izan delako.

Uztailaren 28an abiatu ziren erromesak Oriotik eta hamabi egun behar izan dituzte Noiara iristeko. 22 lagun ibili dira traineruan, arraunlari eta patroi, elkarri txandak eginez, egunean sei-zortzi orduko etapak osatuz. Arraunlariekin batera, beste taldetxo bat ere joan da, itsasoz eta lehorrez, haientzako lanean, jatorduak, atsedenlekuak, ostatuak eta abar lotzen eta antolatzen. Erromesek nahiko zorte ona izan dute itsasoarekin, zeren eta Galizia aldean izan dituzten pare bat egun txar kenduta, oso itsaso egokia izan baitute arraunerako. Jendearen harreraren aldetik ere ez daude kexatzeko moduan: izan diren portu guztietan oso ondo hartu dituzte eta beti izan dute jende mordoa zain, beren ahalegina txalotzeko eta animoak emateko.

Errezibimendua

Orioko Udalak merezi bezalako errezibimendua antolatu die erromes arraunlariei, egin duten balentria behar bezala saritzeko, herritarren berotasunarekin.

Abuztuaren 10ean iritsiko dira Galiziatik, ostiralarekin. 19:00etan meza izango da parrokian eta, ondoren, 19:30ean, elizatik jaitsi eta errezibimendua egingo zaie udaletxeko balkoian. Herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldi horretan parte hartzera.

… bihotzez pozturikan
atsegintsu gaude.
Gora oriotarrak!
esan beldur gabe!