ITSASOTIK HERRIRA ekimena antolatu dute lehenbiziko aldiz Urola Kosta eskualdean

Urriaren 12 eta 13an eskualdea astinduko du itsasaldeko sormen, kultura eta gastronomia olatuak. Bi egunez 30 ekitaldi baino gehiago izango dira eskualdeko bost herrietan.

ITSASOTIK HERRIRA ekimenak bere baitaN uztartzen ditu KOSTA GASTRONOMIKA jardunaldiak eta SORKIDE, Urola Kostako Kultura eta Sormen industrien ekimen berritzailea. ITSASOTIK HERRIRA ekimenak, beraz, bateratu egiten ditu bi proiektu, Udal Elkartearentzat estrategiko direnak.

SORKIDE egitasmoa

Alde batetik, SORKIDE egitasmoa dago oinarrian. Urola Kostako Udal Elkarteak 2017an aztertu zuen eskualdeko kultura eta sormen industrien sektorea eta, azterketa horretan oinarrituta, helburu hauek identifikatu zituen:

  • Sektorearen ikusgaitasuna areagotzea. Alor horretan ari diren ahalik eta enpresa, entitate eta profesional gehienak identifikatu, ezagutzera eman eta beren jarduera balioesteko.
  • Guztien arteko sare bat eratzea, eta sektorea profesionalizatzea.
  • Lankidetzan oinarritutako egitasmoak identifikatzea eta garatzea; betiere sektoreko jardueren artean.

KOSTA GASTRONOMIKA

Bestetik, ITSASOTIK HERRIRA ekimenak jarraipena emango dio iazko Kosta Gastronomikaren baitako jardunaldiei. Kosta Gastronomikaren eskaintza gure eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da,  mundu zabalean aitortutako ospea duten eta goi mailako kalitatea duten produktuak enbaxadoretzat hartuta. Kosta Gastronomikaren bitartez, bertako produktuak balioan jartzeaz gain, parte-hartzaileei esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera eskaintzen zaie.

Eta gastronomiak baduenez sormenetik, eta badenez gure kulturaren adierazgarri, bada aipatutako bi ekimenen arteko bidegurutzetik garatu da ITSASOTIK HERRIRA ekimena. Kostan itsasoari begira garatu dugu bizimodua eta, beraz, baita gure sormena eta kultura ehuna ere. Eta nola ez, gure gastronomia, eskualdearen harribitxietako bat.

Lankidetza ardatz

ITSASOTIK HERRIRA ekimenaren ezaugarri nagusia lankidetzan oinarritzea da. Urola Kostako Udal Elkarteak sustatu du; baina eskuz esku antolatu du gure bailarako sormen, kultura, eta gastronomia ehuna osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoekin.

Gure bailarako bost herriotan, guztira, 30 ekitaldi inguru izango dira dira; horietako asko, propio, ITSASOTIK HERRIRA ekimenerako sortuak.

Orioko programa

ITSASOTIK HERRIRA ekimenaren barruan hiru jarduera izango dira Orion urriaren 13an, larunbatarekin:

  • 17:00 Kalejira egingo dute herrian barrena Orioko eta Zarauzko musika eskoletako ikasle eta irakasleek, bi herriotako erraldoiekin eta buruhandiekin.
  • 18:00 Didau taldearen haurrentzako antzerkia izango da Herriko Plazan: ‘Beldartxo jatuna’.
  • 19:00 Kosta Gastronomika programaren barruan bisigua erretzeari buruzko ‘master class’ bat izango da erretegian. Parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik 943 835 565 telefonora deituta edo webgune honetan: www.urolakosta.eus/eu/itsasotik-herrira

Informazio gehiago

www.itsasotikherrira.eus

Ekitaldia iragartzeko bideoa