Urriaren 11n eta 12an egingo da aurtengo edizioa, Zarautzen, eta eskualde osoari zuzenduta.
Iaz eskualdeko bost herrietan antolatu ziren ITSASOTIK HERRIRA jaialdiko ekitaldiak, baina aurrerantzean herriz herri txandaka egitea erabaki dute antolatzaileek. Aurtengo jaialdia, beraz, Zarautzen egingo da eta datozen urteotan eskualdeko gainerako herrietan, txandaka.
‘Ingurumenaren uberan’
Aurtengo jaialdian ingurumena izango da gaia. “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta, egitarauko proposamen guztiak, nolabait, ingurumena gaitzat hartuta osatu dira. Esaterako, artista eta sortzaile batzuk ingurumena inspirazio-iturri izan duten bitartean, beste ekimen batzuk ingurumena zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko garatu dira.
Udal Elkartetik sortutako ekimena
ITSASOTIK HERRIRA Jaialdia Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako ekimena da. Udal Elkarteko Garapen Agentziak duela 3 urte abiatutako Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko lan-lerro estrategiko oso bat dago jaialdia aurrera ateratzeko ahaleginaren atzean.
Udal Elkarteak eskualdearen potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua, eskualdeko herriekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Eta zuzenean ondu da, eskuz-esku, bailarako sormen eta kultura ehun aberatsa osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakorekin.
Udal Elkartearen sostenguaren txapelpean eta elkarlanean jardun dute 14 diziplinatako 50 eragile baino gehiagok jaialdia antolatzen.
Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira Zarauzko hainbat gunetan. Eskaintza zabala izango da, diziplina anitzeko egitasmoz osatua (eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia…) eta guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua.