Jende ugari ari da aurten Orion bertsolaritza lantzen

Aurten jende ugari dabil Errikotxiak antolatutako bertso eskoletan. Haurren bertso eskolan bi talde osatu dira: bat astelehenetan juntatzen da ikastolan 13:30etik 14:30era eta horren arduraduna Xabier Sukia bertsolari oriotarra da. Bederatzi lagun dabiltza: sei neska eta hiru mutil. Beste taldea, berriz, ostiraletan biltzen da 17:00etatik 18:00etara KTA tailerrean eta Rosi Lazkanok zuzentzen du. LH5 eta LH6ko haurrek osatzen dute taldea. Zazpi lagun dabiltza bigarren talde horretan: lau neska eta hiru mutil.

‘Ni ere bertsotan’ programa

Horrez gain, ‘Ni ere bertsotan’ programa daukate martxan bai Zaragueta eskolan eta bai Ikastolan eta, horren bidez, bertsolaritza lantzen dute eskola-orduetan. Zaragueta eskolan bi astetik behin egiten dute saioa bi maila hauetan: LH5 eta LH6. Ikastolan, berriz, astero egiten dute, baina LH6 mailan bakarrik. ‘Ni ere bertsotan’ programa Bertsozaleen elkarteak sustatzen du, ikastetxeek antolatzen dute eta Udalak diruz laguntzen du, ikastetxeekin sinatuta dituen hitzarmenen baitan. Bi ikastetxeetan Iñaki Gurrutxaga bertsolari oriotarra ari da irakasle.

Helduen taldea

Bertsozale helduen taldea ere martxan dago urriaz geroztik eta bertan sei bat bertsozale juntatzen dira astero, astearteetan, 19:00etan hasita. Biltzen diren bertsozaleen erdia oriotarrak dira eta beste erdia aiarrak. Saioak KTA kultur tailerrean egiten dituzte eta norbaitek parte hartzeko interesa badu, bertara azaldu besterik ez dauka.

Errikotxia elkartean, zeregin batean nahiz bestean, hogei bat lagun dabiltza, herrian bertsozaletasuna sustatu nahian.