Jon Redondok Plan Partzialaren onarpena astearterako uztea proposatu zuen

Astearte arratsaldez Orioko Udaleko Ohiko Plenoa izan zen arratsaldeko 19:00etan. Bertara hurbildu ziren alderdi politiko guztietako ordezkariak, alegia, udaleko hamaika zinegotziak.

Gai zerrendak guztira 4 puntu biltzen zituen: urtarrilaren 29ko ohiko bilkurako akta irakurri eta onartzea; Behin betiko onespena ematea, egoki bada, Orioko Udal Planteamenduaren Arau Subsidiarioen 8. sektoreari ? Munto ? dagokion ekimen pribatuko Plan Partzialari; bi mozio aurkeztu ziren PSE-Eek emakume langilearen egunari buruzkoa eta Alkateak EUDEL-en mozioa aurkeztu zuen eta azkenik eskariak eta galderak.

Jon Redondo Alkateak bilera hasi eta hitza hartu zuen honako hau esanez ?ezer baino lehen bigarren puntuan zentratu nahiko nuke eta puntu hau mahai gainean utzi nahiko nuke. Nahiz eta gehiengo absolutua eduki gaur puntu hau atera ahal izateko, gure borondate ona erakutsi nahi dugu batzuek nota aklarazio batzuk eskatu dituztelako eta plan partzialaren expedientea ikusteko denbora gehiago behar dutela eskatu dutenez puntu hau atzeratzea eskatuko nizueke. Zazpi hilabete da udal hau lanean hasi zela, informazioa eskatzeko eta lantzeko nahikoa denbora egon dela iruditzen zait baina hala eta guztiz atzeratzea proposatzen dizuet aztertzeko denbora izan ez dutenei denbora gehiago emateko?.

Jon Redondo Alkatearen proposamena aho batez onartu zuten alderdi politiko guztiek eta ostegun honetan arratsaldeko 18:30etan Batzorde berezi bat egitea erabaki zen eta datorren asteartean martxoak 4 arratsaldeko 19:00etan ez ohiko pleno bat izango da eta bertan Plan Partzialaren gaia eztabaidatuko da soilik.

Bestalde, aurreko plenoko akta zinegotzi guztiek aho batez onartu ostean, aurkeztutako bi mozioak aztertu ziren. PSE-EEren mozioaren alde bozkatu zuten alderdi guztiek EAE-ANVek izan ezik. Alkateak aurkeztutako EUDEL-en mozioa ere aurrera atera zen 7 boto alde izan zituela, EAE-ANVeko 3 zinegotziek kontra bozkatu zuten eta Aralarreko zinegotzia abstenitu egin zen, EBko zinegotziak berriz alde bozkatu zuen.