Arratsaldeko zazpietan aurkeztuko da Rikardo Uzkudun oriotarrak idatzitako liburua.
Juan Cruz Juaristi apaiz zarauztarrak urte asko eman ditu Ruandan eta esperientzia aberatsa bildu du denbora luze horretan. Ruandara joan aurretik, apaiz gaztea zela, Orion egin zituen urte batzuk eta, horregatik, oso ezaguna da oriotar askorentzat.
Rikardo Uzkudunek idatzi du liburua, Juan Cruzen Ruandako esperientzia baliotsu horren testigantza jasotzeko. Liburuak Juan Cruz Juaristi eta Ruanda. Gogoa Afrikaren bihotzean
du izenburua eta bi zati ditu: lehenengoan Juan Cruzek berak idatzitako Ruandaren historia jasotzen da eta bigarrenean Rikardok apaizari egindako elkarrizketa luze eta mamitsua dator. Formatu txikiko liburua da, 120 orrialdekoa, baina oso interesgarria Afrikaren bihotzeko herri txiki horren berri jakiteko. Liburua Ori-Zautz izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeak argitaratu du Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Bi edizio egin dira: bat euskaraz, jatorrizkoa, eta bestea gaztelaniaz, Jose Luis Padronek itzulia.
Aurkezpen ekitaldia
Liburuaren bi aurkezpen egingo dira: bat Zarautzen eta bestea Orion.
Orioko aurkezpena, esanda bezala, urtarrilaren 14an egingo da, ostiralarekin, 19:00etan hasita, herriko Kultur Etxeko areto nagusian. Aurkezpenean Juan Cruz Juaristi bera izango da, Rikardo Uzkudunekin batera. Parte hartuko dute, baita ere, Demetrio Esnaolak eta Ori-Zautz elkarteko presidente Ignacio Lertxundik.
Aurkezpenera azaltzen diren guztiek liburuaren ale bana eskuratuko dute doan.