Julio Urkixo euskaltzaleari buruzko erakusketa

Julio Urkixo euskaltzaleari buruzko erakusketa zabalik dago Orioko kultur etxean. Maiatzaren 12a arte ikus daiteke

?Julio Urkixo Ibarra, 1871-1950? izeneko erakusketa zabaldu zen apirilaren 30ean Orioko kultur etxean. Erakusketa zabalik izango da maiatzaren 12ra arte, honako orduetan: astelehenetik ostiralera: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan: 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.

Julio Urkixo Ibarra Deustuan jaio zen 1871n. Euskal kulturaren eta hizkuntzaren ikerle nagusietako bat izan zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, baina bizitza osoa eskaini zion hizkuntzalaritzari eta euskal literaturari. Elkarte askoren sorreran parte hartu zuen eta bera izan zen, esate baterako, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Departamentuak antolatutako erakusketa honetan Urkixok bere bizitza luzean egin zituen era guztietako lan oparoen ikuspegi osoa azaltzen da, ikusleak izan dezan esparru zabaleko azalpen didaktiko bat, Urkixoren biografia dokumentu eta argazki zahar ugariz lagunduta. Hizkuntza eta literatura dira gai nagusiak, baina bada lekurik, baita ere, historia edo euskal kulturari lotutako beste gai asko aipatzeko.

Paneletan antolatutako testuekin batera erakusgai izango dira garai hartako dokumentuak, jatorrizko agiriak, argazkiak, eskuizkribuak, faksimilak eta abar. Aparte aipatzekoak dira Urkixoren liburutegi bikainetik hartutako liburu ale batzuk ere, Koldo Mitxelena kulturuneak erakusketa honetarako utziak. Erakusketa ikus-entzuteko batekin osatzen da.