KALEKO euskara zerbitzua jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko udalek KALEKO Euskara Zerbitzua jarri dugu martxan, berriro ere, gizarteko hainbat esparrutan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Aurreko urtean bezala, zerbitzu berriak eskualde osoan egingo du lan, Zumaiatik hasi eta Orioraino, eta, besteak beste, kirolean, merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko helburua dauka.

Proiektua garatzeko Udal Elkarteak 3 pertsona kontratatu ditu, urriaren 15etik 2015ko apirilaren 14ra eta dagoeneko lanean ari dira. Eli Epelde, Irati Agirreazaldegi eta Julio Lopez dira hiru lagun horiek eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuen gidaritzapean ari dira lanean. Orion, batez ere, Irati Agirreazaldegi arituko da.

Bost egitasmo landuko dira:

1. KIROLA: ESKOLA KIROLA

Behaketak egingo ditugu eskola kiroleko entrenamendu eta partidetan eta neurtu testuinguru horretako hizkuntza portaerak: haurren artekoak, begirale eta haurren artekoak, guraso eta haurren artekoak… Emaitzen arabera, neurriak eta jarduerak bideratuko dira.

2. KIROLA: KIROL ELKARTEAK

2012ko urtarrilean egin genizkien kirol elkarteei jarraipen bisitak azkenekoz. Hiru urte joan dira eta bisita egin nahi diegu: elkarteen zerrendak eguneratu, elkarte berriei euskara zerbitzua eskaini, beren hizkuntz egoera aztertu, euskara zerbitzuen laguntza eskaini, zer behar duten galdetu…

3. MERKATARITZA: AGERIKO ELEMENTUAK

2012-13ko lanketaren jarraipena da. Aurreko aldian ageriko elementuak euskaratzeko zerbitzua eskaini genien dendari eta merkatariei. Zerbitzuak oso harrera ona izan zuen, guztira 769 establezimendu bisitatu genituen eskualde osoan eta ehunka txartel eta euskarri egin genituen.

Oraingoan ere zerbitzua erabil dezakete eskualdeko establezimendu guztiek, baina bisita egingo diegu establezimendu berriei.

4. OSTALARITZA: MENUA EUSKARAZ

Menua euskaraz kanpaina orokorra egin nahi dugu bost herrietan. Helburua da eskualdeko jatetxe guztiek menua euskaraz ere edukitzea. Kanpaina hori urtarriletik apirilera egingo dugu, Aste Santuko eta udaberriko sasoiari heldu aurretik. Kanpaina horretan parte hartu nahi duten jatetxeek menua euskaraz izan behar dute eta horretarako laguntza emango zaie.

5. ZERBITZU ENPRESAK: GESTORIAK

Gestorien eta etxe-komunitateen administratzaileen lanak eragin handia du jende, familia eta enpresa askoren jardunean, bereziki, enpresa txiki eta ertainez osatutako gurearen gisako eskualdeetan. Arlo horri eragiten hasi nahi dugu.

Datozen asteotan kaleko euskara zerbitzuko hiru lagunak harremanetan jarriko dira eskualdeko kirol elkarteekin, merkatari eta dendariekin… egitasmoak aurkeztu eta zerbitzuak eskaintzeko.