Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak kontzertua emango du urriaren 31n

Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak ‘Pianoa eta beste kontu batzuk’ izeneko kontzertua emango du Orioko kultur etxean urriaren 31n, ostiralarekin,  22:30ean hasita.

Pianoarekin bakarka

Xabier Lizaso oso ezaguna da oriotarren artean. Musika eskolako zuzendari izan zen eta urte asko daramatza piano-kontzertuak ematen Euskal Herrian eta kanpoan. Haurrekin ere lan handia egin du, kontzertu pedagogikoak antolatzen. 2013an kultur etxean saio berezi bat eman zuen, Andoni Egañarekin batera, ‘Bi arreba’ izenekoa, bertsoa eta piano-musika uztartzen zituena. Ostiraleko kontzertuan, berriz, bakarrik arituko da.

Gonbitak kultur etxean

Emanaldia doan izango da; baina, kultur etxeko plaza kopurua mugatua denez, 100 gonbita prestatu ditu Udalak eta, emanaldira sartzeko, beharrezkoa izango da gonbita aurkeztea. Pertsona bakoitzak bi gonbita jaso ditzake, aldez aurretik kultur etxean bertan eskatuta. Gonbitak gaur arratsaldean bertan hasiko dira banatzen.