Udaleko Turismo eta Ingurumen batzordeak deituta, bilera irekia egingo da martxoaren 31n, ostegunarekin, udaletxeko udalbatzarraren aretoan, 18:00etan hasita.
Bigarren bilera irekia izango da ostegunekoa, otsailaren 22an egin zenari segida emango diona.
Prozesu parte-hartzailea
Udalak aztertu egin nahi ditu turismo alorrean dauzkan azpiegiturak eta herrian dauden beharrak, eta hori prozesu parte-hartzaile baten bidez egin nahi du. Osteguneko bilera prozesu horren bigarren pausoa da.
Herritarren parte-hartzearekin egin nahi du Udalak azterketa-lana, turismoaren gaiarekiko interesa duten guztiek aukera izan dezaten egoera aztertu eta beren proposamenak egiteko.
Bilera guztiz irekia da eta bertara deituta daude, udaletxeko ordezkari politikoez gain, udal langileak, kanpineko langile eta bezeroak, zerbitzu alorrean lan egiten duten pertsonak, dendariak, ostalariak, elkarteetako kideak eta abar.
Aztertuko diren gaiak
Osteguneko bileran honako gaiak jorratuko dira, besteak beste:
- Azterketaren Zirriborroa mahai gainean jartzea.
- Denon artean aztertu eta azken ekarpenak egitea.
- Ekintza planaren aukerak azaltzea.
- Baliabide ekonomikoen bideragarritasuna aztertzea.