Larunbatean, uztailak 6, udal kanpineko bungalow berriak ikusteko aukera izango dute hala nahi duten herritarrek. Udalak ate irekietako eguna antolatu du eta oriotar guztiak gonbidatu nahi ditu kanpinera etorri eta instalazio berriak bertatik bertara ezagutzeko. Bungalowetako batzuk okupatuta daude dagoeneko; baina Udalak bi utziko ditu zabalik, nahi duten herritarrak sartu eta ikus ditzaten.
Bisita egiteko ordutegia honako hau izango da: 10:00etatik 18:00etara.
Udalak inbertsio handia egin du kanpinean bungalowak jartzen eta, hori dela-eta, aukera eman nahi die herritarrei, ikus dezaten zertan gastatu den diru hori eta zein izan den emaitza.
Bungalowen instalazioa nahi baino gehiago luzatu da denboran, azken hilabeteetan egin duen eguraldi euritsuagatik eta, beraz, justu-justu ireki ahal izan ditu Udalak uztailaren hasieran. Hori dela-eta, inaugurazio ofiziala ez da orain egingo, baizik-eta irailean, zerbitzua dagoeneko martxan dago-eta.
Guztira, 34 bungalow jarri ditu Udalak: 6, gela batekoak; 22, bi gelatakoak; 4, hiru gelatakoak; eta 2, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egokituak.
Taberna eta denda ere zabalik
Asteburu honetan irekiko dira, baita ere, kanpineko taberna eta denda berrituak. Udalak obrak egin ditu, espazioak hobeto antolatu eta aprobetxatzeko, eta larunbatean zabalduko ditu ateak establezimendu berriak.
Bezeroak bertaratzera animatzeko, zozketa bat antolatu du Udalak larunbatean tabernan zerbait kontsumitzen duten guztientzat. Saria honako hau izango da: asteburuko 3 egonaldi, bi gelatako bungalowean, irailean.