Kanpineko zuzendari berria aukeratu du Udalak, aurtengo denboraldi ofizialerako

Udalak hutsik dauka momentu honetan udal kanpineko zuzendari lanpostua eta, lanpostu hori lehiaketa publiko baten bidez bete bitartean, aurtengo denboraldi ofizialerako pertsona bat aukeratu du, Urola Kostako Udal Elkartearen kontratazio sailarekin eta Lanbiderekin elkar lanean.

Orain hasi eta denboraldia amaitu arte (2015eko azaroaren 2ra arte), Asier Santos Bikuña izango da kanpineko zuzendaria, bera izan delako aukeraketa-prozesuan ondoen baloratu den izangaia. Ordezko gisa bi pertsona hauek izendatu ditu Udalak, balorazioaren araberako hurrenkeran: Nere Ezpeleta Bereziartua eta Nerea Garmendia Iaben.

Udal Elkartearekin eta Lanbiderekin elkar lanean

Aukeraketa prozesua Urola Kostako Udal Elkarteko kontratazio sailarekin eta Lanbiderekin lankidetzan egin du Udalak. Udal Elkarteak lan-poltsa bat dauka eta hortik aukeratu zituen eskatutako perfila betetzen zuten izangaiak. Udal Elkarteak Lanbideri ere eskatu zion izangai posibleei buruzko informazioa. Udal Elkarteak egindako aurre-hautaketaren ondoren, 11 pertsona geratu ziren eta 11 lagun horiei elkarrizketa egin zien Orioko Udalak martxoaren 26an, kanpineko zuzendari lanpostuarekiko zuten egokitasuna neurtzeko.

Prozesu horren emaitza izan da zuzendari berriaren kontratazioa.

Lanpostua betetzeko deialdia egingo du Udalak

Aurtengo denboraldian, beraz, Asier Santos izango da kanpineko zuzendaria; baina, nolanahi ere, Udalak asmoa dauka lanpostu hori lehiaketa-oposaketa publikora atera eta modu iraunkorrean hornitzeko. Datorren agintaldian egingo du Udalak lanpostu hori betetzeko deialdia.