Kiroldegia da Udalaren eraikinen artean energia gehien kontsumitzen duena, alde handiarekin.
Energia aurrezteko helburuz, Udalak Sedirec sistema ezarri du kiroldegiko igerilekuan.
Ur beroa hobeto gestionatzeko sistema
Legezko osasun baldintzak betetzeko, igerilekuko ur-bolumenaren %5 berritzen da egunero. Sedirec sistema horren bidez, uraren beroaren energiaren %97 errekuperatzen da eta ur berria berotzeko erabiltzen da.
Horretarako, argazkian ikusten den makina erosi du Udalak. Makina SEDICAL enpresak instalatu du.
Sistema berriaren bitartez, ura berotzeko erabiltzen den gasaren kontsumoan 908€/ hileko aurreztuko dira; hau da,10.896€ urtean.
Hiru urtetan amortizatuko da kostua
Sedirec makina horrek 36.140€-ko kostua du (BEZik gabe).
EVEk 9.035€-ko diru-laguntza eman dio Udalari, makina instalatzeko.
Udalak egindako inbertsioa 3 urtetan amortizatuko da eta makinak 20 urteko bizitza erabilgarria izango duela aurreikusten da.
Argiak aldatu dira eta LED erakoak jarri
Bestalde, kiroldegiko fluoreszente guztiak LED erako argiekin ordezkatu dira: 368 fluoreszente aldatu dira eta horrek, guztira, 5.078,60€-ko kostua izan du (BEZik gabe).
Neurri horrekin urteko 36.266,40KW/h-ko kontsumoa aurreztuko du Udalak eta kontratatutako potentzia 8 Kw–tan gutxitu ahal izango du.