‘Koka kola eta barea’ antzezlana izango da kultur etxean otsailaren 6an

Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa protagonista dituen ‘Koka kola eta barea’ antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean otsailaren 6an, ostiralarekin. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.

Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 120 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Dagoeneko eros daitezke, kultur etxera joanda.

Kantautore parea

Komedia bat da Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak aurkezten dutena. ‘Ez dok amairu’ mugimenduaren garaia ezagutu zuten bi kantautore dira Ray eta Nik, eta orain berreskuratu egin nahi dituzte gara hartan bizi izandako esperientziak.

Ez da aurreneko aldia Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa Ray eta Nik kantautoreen azalean jartzen direla. Orain dela urte batzuk ‘Xentimorik gabe’ antzezlanean interpretatu zituzten aurrenekoz bi pertsonaia horiek.