‘Konponbidean al goaz Orion?’ jardunaldia antolatu dute Udalak eta herritarren talde batek

2015ean Udalak gonbita egin zien herriko lagun batzuei, jatorri politikoko indarkeriak eragindako sufrimenduaz hitz egiteko. Udalak herritarrei egindako dei zabalari sei lagunek erantzun zioten eta horiek hainbat bilera egin dituzte dagoeneko, gaiaz aritzeko. Udaleko talde politikoek, beren aldetik, gaia landu dute elkarrekin eta egina dute bide bat, modu paraleloan.

Ibilbide horretan indarkeria politikoak eta terrorismoak gure eguneroko bizitzan eragin dituen ondorioetan zentratu dira eta parte-hartzaileek beren bizipenak konpartitu dituzte, nork bere sufrimenduak azalduz eta besteenak entzunez. Esperientzia interesgarria izan da eta, orain, herriari zabaldu nahi diote eta jende gehiago gonbidatu parte hartzera.

Udalak uste du garrantzizkoa dela parte-hartzea zabaltzea eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea prozesu honetan. Horrela bakarrik lortu daiteke bizi izan dugun sufrimenduari hitzak jarri, elkarren minak eta arrazoiak entzun eta gogoeta konpartitu bat egitea.

Hiru ekitaldi, segidako hiru ostegunetan

Herritarren inplikazioa lortzeko ahalegin horretan, Udalak eta herritarren talde horrek, Bakeola zentroaren laguntzarekin, hiru ekitaldi antolatu ditu, Konponbidean al goaz Orion? izenpean:

  • Urriak 20, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. ZINEFORUMA: ‘Mujeres en construcción’ filma
  • Urriak 27, osteguna, 19:00, kultur etxean. ZINEFORUMA: ‘Glencree’ dokumentala
  • Azaroak 3, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. TAILERRA: ‘ORIOTARREN ORDUA DA’