Korrikari ongietorria egiteko afaria izango da datorren asteartean, apirilak 4

Orioko Korrika batzordeak afaria antolatu du Korrika herrira iristen den gauerako. Afaria apirilaren 4an izango da, asteartearekin, Balea elkartean.

Aldez aurretik triki-poteoa izango da herriko tabernetan barrena eta gero, goiz samar, afaria. 20:30ean hasiko da, hartara denbora izateko gero, Korrikan parte hartzeko.

Korrika 00:42an iritsiko da Mapilera, eta han hartuko dute oriotarrek lekukoa. Ordubatak pasata iritsiko da herrira eta gero Zarautz aldera abiatuko da.

Txartelak salgai kultur etxean eta Kolon Txikin

Afaritarako txartelak bi tokitan jarri dira salgai: kultur etxean eta Kolon Txiki tabernan. Helduen txartelak 12 euro balio du eta 12 urtera arteko haurrek 3 euro ordainduko dituzte. Txartelak hartzeko azken eguna igandea izango da, apirilak 2.

Afaritako menua hau izango da: entsalada mistoa, patatak errioxar erara, gazta eta intxaurrak, kafea eta kopa.

Korrika batzordeak herriko euskaltzale guztiak animatu nahi ditu afaritara etortzera, aurtengo Korrikari giro alaian ongietorria egiteko.