Urola Kostako Udal Elkartea 2017an hasi zen eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) sektorea suspertzeko lanean. Geroztik, hainbat jarduera abiatu ditu, sektorearen ikusgaitasuna areagotzeko eta sektorea saretu eta profesionalizatzeko asmoz.
Eragin sozioekonomikoa aztertu
Hiru urteko lanketaren ondoren, Udal Elkarteak neurtu egin nahi du KSI sektoreak eskualdean duen eragin sozioekonomikoa: zein neurritan laguntzen duen ekonomiaren sustapenean, zein eragin duen gizarte-kohesioan…
Balio erantsiaren, sormenaren eta berrikuntzaren alde apustu egiten den lurraldeetan, kultura eta sormen industriek garrantzi handia hartzen dute lurraldearen hazkunde ekonomikoan. Hori dela-eta, Udal Elkarteak erabaki du aztertzea KSI sektoreak eskualdean duen egoera. Sektorearen argazkia osatu nahi du datu eta adierazle sozioekonomiko zehatzekin, etorkizuneko politiketan kontuan hartzeko sektorea izan dadin.
Lau galdetegi online
Azterketa hori egiteko, adierazle sozioekonomiko zehatzak jasotzeko galdetegi laburrak diseinatu ditu Udal Elkarteak, sektoreko eragileek betetzeko.
Guztira, 4 galdetegi sortu ditu: sortzaile-artistentzat, sektoreko enpresentzat, museoentzat eta gainerako kultur eragile eta erakundeentzat. Eskualdean, modu batean edo bestean, KSI sektorean dabiltzan ahalik eta eragile gehienengana iristeko helburuz diseinatu dira galdetegi zehatz eta laburrak. Erraz eta azkar erantzuteko inkestak dira eta, gainera, online egiteko modukoak.
Hona hemen inpaktu sozioekonomikoa neurtzeko prestatutako galdetegiak:
- Museoei bideratutako galdetegia.
- Enpresei bideratutako galdetegia.
- Sortzaileei bideratutako galdetegia.
- Kultur erakundeei bideratutako galdetegia.
Informazio gehiago
Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri Udal Elkartearekin harremanetan telefono bidez:
- Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)
- enpresa@urolakosta.eus
- Tel. 943 890 808