Larunbatean banatu ziren udaletxean aurtengo EUSKARAZ GAZTE literatur lehiaketaren sariak

Sari-banaketa udalbatzarraren aretoan egin zen, 12:00etan hasita, eta bertan izan ziren Jose Angel Zaldua alkatea eta Euskara batzordeko buru Aitziber Campos, sarituekin eta lehiaketako zenbait parte-hartzailerekin batera.

Argazkia Karkarak ateratakoa da.

Lehiaketaren epaimahaia honako hauek osatu dute aurten: Olatz Artola, Karkara aldizkariaren izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak; eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak.

Ekitaldian adierazi zutenez, aurtengoa uzta oneko urtea izan da lehiaketarako eta aurreko edizioetan baino lan gehiago aurkeztu dira. Epaimahaikoen iritziz, lanen batez besteko kalitatea ere ona izan da eta, horren froga da aurten sari eta accesit guztiak eman dituztela, bat bera ere hutsik laga gabe. Poza agertu zuten horregatik eta nabarmendu zuten, gainera, aurten jende berria  animatu dela parte hartzera.

LAN SARITUAK

Saritutako lan eta egileak hauek izan dira:

Ipuinak
1.- ‘San Sebastian eguneko gaupasa’ ipuina. Egilea: Iñaki Iturain.
2.- ‘Basoko amona eta otsoa’ ipuina. Egilea: Josu Galdos.
3.- ‘Gerlari handia’ ipuina. Egilea: Ane Etxabe Usandizaga.
Accesita: ‘Akordeoia’ ipuina. Egilea: Alazne Arruti.
Accesita: ‘Ospea lortzeko bidea’ ipuina. Egilea: Arantzazu Otaegi.

Olerkiak/Bertsoak
1.- ‘Naizen desertuan’ olerkia. Egilea: Josu Galdos.
2.- ‘Bertso berriak Errikotxiako kuadrillari jarriak’ bertso-sorta. Egilea: Iñaki Iturain.
3.- ‘Ibilerak’ olerkia. Egilea: Alazne Arruti.
Accesita: ‘Udaberriko lore’ bertso-sorta. Egilea: Ainhoa Mateos.
Accesita: ‘Potoloaren bakardadea’ bertso-sorta. Egilea: Garazi Urretabizkaia.

ABENDUAN ARGITARATUKO DIRA

Saritutako lanak Karkara aldizkariaren gehigarri batean argitaratuko dira abenduan, Gabonak baino lehenago kaleratuko den zenbakian. Ondoren, webgune honetan ere publikatuko dira.

Epaimahaiaren agiria (PDF)