Larunbatean festa izango da Karelan, HotzZarautz elkartearen alde

Irailaren 17an, larunbatarekin, Karela Festa antolatu du kiroldegiko kudeatzaileak, BPXport enpresak. Iaz antolatu zen lehen aldiz festa hau, eta bildutako dirua Juneren Hegoak elkartearentzat izan zen. Aurten Hotz Zarautz elkartera bideratuko dute festan bildutako dirua, eta Europako ekialdean egoera larria bizi duten errefuxiatuei laguntza emateko erabiliko da.

Dirua biltzeko, iaz bezala, haurrei eta helduei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte larunbaterako. Festa arratsaldez egingo da, 15:00etan hasita.

Antolatuko diren jardueretan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik Karela kiroldegian bertan.

Zozketa solidarioa

Festarekin lotuta, zozketa solidario bat ere antolatu dute. Euro baten truke eros daiteke boletoa, eta herriko denda eta kirol klub ezagunen opariak zozkatuko dituzte. Boletoak Orioko Karela kiroldegian eta Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian daude salgai, eta zozketa irailaren 17an bertan egingo dute, 19:00etan, Karela kiroldegian.

Babesle eta laguntzaileak

Festaren antolatzailea, esanda bezala, BPXport enpresa da. Babesleak, berriz, CaixaBank, Orioko Udala eta KaleFit dira.

Laguntzaileak, bestalde, hauek dira: Orioko Eroski Center, Itziar kirolak, Zipristin inprimategia, Izarra etxetresnak, Kepa Loidi harategia, Anarri opariak eta Zarauzko Udala.

Festaren programa

15:00etatik 16:00etara. Indoor Triatloia helduentzat. Partaideko 3 euro ordaindu behar da.

15:30etik 19:00etara. Haurrentzat jarduerak: uretako puzgarriak igerilekuan, eskalada rokodromoan eta eskulanak. Sarrera 3 euro ordaindu beharko da.

17:00etatik 17:30era. Haurrei zuzendutako Jump Kids saioa. Parte-hartzaileko 3 euro.

17:30etik 19:00etara. Helduentzat saioak: 30 minutuko spining saioak eta 30 minutuko jump saioa. Saio bakoitzeko 3 euro ordaindu behar dituzte parte-hartzaileek.

19:00etatik 19:45era. Helduentzat jump-spining saioa. Biak batera egingo dituzte. 5 euroko prezioa izango du saioak.