Ludotekan izena emateko epea irekita dago

Txurrumuski elkarteak kudeatzen du Orioko ludoteka eta dagoeneko irekita dauka izena emateko epea. Ludotekako zerbitzuak erabili ahal izateko, izena eman behar da aldez aurretik. Plaza kopurua mugatuta dago eta, beraz, plazak betetzen direnean itxiko da matrikulazioa.

Izena emateko, nahikoa da bertara azaltzea edota telefono honetara deitzea: 943 13 30 05

Ludoteka gune hezitzaile bat da, jolas librean aritzeko aukeraz gain, dinamizatutako jolas antolatuak ere eskaintzen dizkiena HH5etik LH3ra bitarteko haurrei (bi maila horiek barne).

Egunak eta orduak

Astelehenetan jolas librerako gunea izango da ludoteka eta bertara joateko aukera izango dute izena eman duten haur guztiek. Gainontzean, izena ematen duen haur bakoitzak asteko bi egun aukeratu beharko ditu, ludotekara joateko. Egun horietan jolas antolatuak egingo dtuzte.

Ludotekak arratsaldez irekiko ditu ateak, 17:00etatik 19:30era, astelehenetik ostegunera; eta 17:00etatik 20:00etara, ostiraletan. Haurren opor-egunetan (Gabonetan, Aste Santutan…) ordutegia goizekoa izango da, 10:00etatik 13:00etara.

Horrez gain, hiru hilabetetik behin goiz pasako jarduerak antolatuko dituzte larunbatetan.

Prezioak

Ikasturte osorako izena ematen duten haurrek 45 euro ordainduko dituzte. Urtarriletik aurrera izena ematen dutenek, berriz, 30 euro. Eta Aste Santutik aurrera izena emandakoek, azkenik, 15 euro.

Gaztelekua ere zabalik

Ludotekaz gain, Txurrumuski elkarteak Gaztelekua ere kudeatzen du. Gaztelekua Pelotari kaleko 6. zenbakian dago eta gune bat eskaintzen die herriko gaztetxoei (10 eta 16 urte artekoei), juntatu eta elkarrekin jarduerak egiteko.

Hau da gaztelekuaren ordutegia:

Astelehen eta ostegunetan 16:45 – 20:00

Ostiraletan 16:45 – 20:30

Larunbatetan 16:30 – 21:00

Igandeetan 16:30 – 20:30

*Astearte eta asteazkenak, itxita.