Orioko Udalak ikastaroa antolatu du, enpresa bat sortzeko lehenengo urratsei buruzkoa. Hasieran jarritako epean, bost lagunek bakarrik eman dute izena eta Udalak erabaki du epe hori pixka bat luzatzea, ea jende gehiago animatzen den eta taldea martxan jartzeko aukera dagoen.
Izena emateko epe berria abenduaren 16an bukatuko da.
Orioko Udaleko Ekintza Ekonomikoetako eta Enpleguko batzordeak antolatu du ikastaroa eta enpresa sortu nahi duten ekintzaileei zuzendua dago.
Ikastaroan jorratuko diren gaiak honako hauek izango dira:
1. Ideiak eta sormena lantzeko teknikak.
2. Ideietik ekintzetara.
3. Ekintzailetasuna lantzen: ideien errentagarritasuna eta merkatua
4. Enpresa motak. Lehenengo erabakiak hartzen
5. Enpresa proiektuaren ildoak: Enpresaren izena eta jarduera, enpresaren eraketa juridikoa, merkatuaren egoera eta ikerketa, enpresaren gestioaren kontzeptuak, diru-laguntzak eta dokumentazio administratiboa.
Matrikulazioa
Ikastaroan matrikulatzeko, udaletxeko bulego orokorretara jo behar da abenduaren 16a baino lehen.
Matrikula egiteko, nortasun-agiriaren kopia ekarri beharko da. Langabezian daudenek langabetu-txartelaren kopia ere aurkeztu beharko dute.
Prezioa
Ikastaroaren prezioa 30 eurokoa izango da. Ez da izena ematerakoan ordainduko, baizik-eta behin taldea osatu eta ikastaroa hasteko momentuan.
Langabetuek doan egin ahal izango dute.
Iraupena
Ikastaroa abenduan hasiko da eta urtarrilean bukatuko da. Klaseak astelehenetik ostiralera emango dira, arratsaldez: 17:00etatik 19:30era.
Klaseak ikastolako informatika-gelan emango dira.
Gehienez ere 20 ikasle hartuko dira.