Maiatzaren 11n bukatuko da epea, eskola umeentzako 20. literatur eta marrazki lehiaketara lanak aurkezteko

Orioko Udaleko Kultura eta Euskara batzordeak literatur eta marrazki lehiaketa antolatu du aurten ere eskola umeentzat. Aurtengoa lehiaketaren hogeigarren edizioa da.

Lehiaketaren baldintzak

Lehiaketaren baldintzak

Literatur lehiaketara lanen bat aurkeztu nahi duten haurrek honako baldintzak bete behar dituzte, besteak beste: lanak euskaraz idatziak eta jatorrizkoak izango dira. Partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez dezake, baina ezin dezake modalitate batean sari bat baino gehiago jaso. Parte hartzaileek, bestalde, oriotarrak izan behar dute edo Orion bizi.

Lanak, gehienez ere, zortzi orrialde luzekoak izango dira.
Lehiaketan hamar maila izango dira: Lehen Hezkuntzako sei mailak eta DBHko laurak. Maila bakoitzean bi modalitate izango dira: ipuina eta olerkia.

Literatur lehiaketarekin batera, marrazki lehiaketa bat ere antolatu du Udalak. Aurkezten diren ipuin, olerki eta marrazki onenak liburu batean bilduko dira gero.

Lanak aurkezteko

Lanak Orioko bi ikastetxeetako Zuzendaritzetan edo Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 11 izango da, ostirala.