«Manez eta kobreak» taldeak kontzertua emango du Arraunetxen urriaren 2an

«Manez eta kobreak» musika-taldearen kontzertua izango da Orion urriaren 2an, ostiralarekin. Kontzertua 19:00etan izango da, Arraunetxeko aretoan.

Kontzertua udako programaren barruan antolatu zuen Udalak, aurrena, baina atzeratu egin behar izan zen, eguraldi txarragatik. Orduko hartan plazan egitekoa zen, baina orain Arraunetxen antolatzea erabaki du Udalak.

Sarrera doan izango da, baina interesatuek gonbita hartu beharko dute aldez aurretik. Aforo mugatua dela eta, 80 gonbita daude banatzeko eta dagoeneko jaso daitezke kultur etxean. Eskatzaile bakoitzari bi gonbita emango zaizkio, gehienez.

«Manez eta kobreak» taldea

«Manez eta Kobreak» taldearen bihotza Thierry Bizkari musikari baxenabartarra da, Kalakan taldearen liderra zena.

Musika tradizionala eta gaur egungo soinuak konbinatzen dituzte eta, Iparraldeko tradizioari segituz, garrantzi handia ematen diote ahotsari beren kantetan. Poesiaz eta sentimenduz gainezka dauden emanaldiak eskaini ohi dituzte.

Thierry Bizkari «Manez»en talde berrian musikari hauek laguntzen diote:

  • Ana Telletxea (ahotsa, eskusoinua)
  • Fermín Garaikoetxea ‘Mintxo’ (ahotsa, tronpeta, bonbardinoa)
  • Vianney Desplantes (ahotsa, bonbardinoa)
  • Bixente Etxegarai (ahotsa, tronpeta)
  • Laura Etxegoien (ahotsa, saxofoia)
  • Mixel Ducau (ahotsa, saxofoia)