Mari Domingi eta Olentzero Oriora etorriko dira abenduaren 24an

Pandemia-egoera dela eta, Mari Domingi eta Olentzeroren aurtengo etorrera ezberdina izango da: Herriko Plazan egon beharrean, herrian barrena ibiliko dira beren laguntzaileekin, geldialdirik egin gabe.

Lera taldeak antolatuta, harrera-ekitaldi ibiltaria izango da aurtengoa. 18:00ak aldera, sorginak eta ttuntturroak ibiliko dira herrian barrena, haurren gutunak jasotzen, eta, segidan, Mari Domingi eta Olentzero iritsiko dira beren laguntzaileekin. Haiek ere kaleetan barrena ibiliko dira, eta ez dute geldialdirik egingo, jendea ez pilatzeko eta segurtasuna zaintzeko.

Mari Domingik eta Olentzerok ikusleei eskatu diete jende-pilaketarik ez sortzeko eta distantziak gordetzeko. Gabon-gau berezi bezain ederra izango da!