Mikel Aranzabalen kontzertua Unar tabernan

Ostiralean Jai programaren barruan, Mikel Aranzabal gazte oriotarrak kontzertua emango du ostiral gauean,irailak 29, 23:00etan hasita.

Mikel Aranzabal gaztea da, baina dagoeneko egina dauka ibilbidea musikaren munduan. Gaitza taldeko sortzaileetako bat izan zen eta urteak eman ditu taldean jotzen eta abesten. Aurten, berriz, bere musika propioa lantzen hasi nahi izan du eta, horretarako, maketa grabatu zuen orain dela hilabete batzuk. Maketak lagun artean izan duen harrera ona ikusita, disko bat grabatzera animatu da, laster kaleratuko dena. Disko horren aurkezpena egingo du Unar tabernan emango duen kontzertuan.

Ostiralean Jai programako kontzertuak ostiralero antolatu dira udan; baina hilean behin izango dira orain, urtea bukatu bitartean. Programaren helburua ostiral gauetan giro goxoa sortzea da, musikaren eta euskararen inguruan.

Aurten bost taberna ari dira parte hartzen programan: Baraka, Salatxo, Kamel Ziani, Unar eta Kalakari.