Azaroaren 6an, ostegunarekin, emango zaio hasiera ofiziala aurtengo Mintzalagun ikasturteari, Mikel Markezek eskainiko duen kantaldi-hitzaldi baten bitartez.
Aurten Mintzalagun programan parte hartzen duten taldeetako asko dagoeneko hasita daude juntatzen eta egitasmoa, beraz, martxan dago. Nolanahi ere, Urola Kostako Udal Elkarteak eta AEK-k urtero antolatzen dute ekitaldi bat, ikasturteari hasiera ‘ofiziala’ emateko, eta hori, aurten, azaroaren 6an egingo da.
Ekitaldia Zarauzko Etxe-Zabala aretoan izango da, 19:00etan hasita. Bertaratzeko gonbita jaso dute Mintzalagun egitasmoan parte hartzen duten guztiek (euskaldunberri zein euskaldunzahar); baina ekitaldia guztiz irekia da eta edonork dauka azaltzea.
Mikel Markezek euskal kantagintzako kantarik ezagunenei egingo die errepasoa, gitarrarekin lagunduta, eta, kantaldiaren osagarri, hainbat kontu azalduko ditu, kantak beren garaiko kontestuan ulertzeko.
Kantaldi-hitzaldia amaitzen denean, lunch txiki bat izango da azaltzen diren guztientzat.
Izena emateko
Aurtengo Mintzalagun taldeak martxan daude dagoeneko; baina, norbaitek interesa badu izena emateko (euskaldunberri gisa nahiz euskaldunzahar gisa), oraindik egin dezake, 943 860 194 telefonora deituta edo Udaleko Euskara Zerbitzura azalduta.