Irailaren 16tik 22ra bitartean hainbat ekintza antolatu dituzte Mankomunitateko udalek, eskualdeko herrietan, automobilaren gehiegizko erabileraz kontzientzia sortzeko.
Mugikortasun Astearen helburua herritarrak sentsibilizatzea da automobilaren gehiegizko erabileraz, eta erakustea badaudela bestelako alternatibak.
Orion bi ekintza izango dira, Mugikortasun Astearen barruan:
Irailak 18, igandea. Haurrentzako Gynkana
Irailaren 18ko arratsaldean haurrentzako jokoak izango dira Ikastola ondoko plazan (eguraldi ona egiten badu; bestela, frontoian egingo dira). Adin guztietako haurrak daude gonbidatuta, guztientzako moduko joko eta jolasak izango baitira. Arratsaldeko seietan hasi eta zortziak arte luzatuko da Gynkana. Guztira, 20 jokotik gora izango dira, mugikortasunarekin, trebetasunekin eta psikomotrizitatearekin zerikusia dutenak (malabarak, hankapaloak, tresna kooperatiboak, kirol jokoak, errelebuetarako jolasak?).
Lau begirale izango dira jokoak zuzentzen eta giroa suspertzen.
Irailak 20, asteartea. Bizikletak zaintzen eta konpontzen ikasteko tailerra
Eskolako eta Ikastolako haurrei (10-12 urte artekoei) eskainiko zaie tailerra kiroldegiko pistan, goizeko hamaiketatik hamabi eta erdietara.
Bizikletak konpontzen aritua eta aditua den pertsona bat arduratuko da tailerraz. Bizikletaren funtzionamenduari eta pieza garrantzitsuenei buruzko azalpenak emango ditu eta, ondoren, haurrei erakutsiko die nola konpondu matxura ohikoenak (zulatuak, freno hautsiak…) eta nola egin mantentze lan normalenak (kamera aldatu, frenoak tentsatu, gurpilak zentratu…).