Musika eskolako ikasleak Arrasaten eta Andoainen izango dira

Danbolin Musika Eskolako ikasleek bi jarduera hauetan parte hartuko dute datozen egunotan:

  • Alde batetik, abenduaren 9an, ostiralarekin, 15:00etan, Andoaingo Bastero Kulturguneko Auditorioan, Labaque ahizpak master klaseak eskainiko dituzte Euskal Herriko musika eskoletan eta kontserbatorioetan pianoa ikasten ari diren ikasleentzat. Labaque ahizpak mundu osoan ospe handia duten pianistak dira. Master horretan 20 bikotek parte hartuko dute eta, horien artean, Danbolin Musika Eskolako bi ikaslek: June Iradi eta Anne Orzaiz. Klaseak amaitu ondoren, kontzertu batean parte hartuko dute ikasle guztiek batera.
  • Bestalde, abenduaren 10ean, larunbatarekin, Arrasaten Gipuzkoako 29. Eskusoinu Jaialdia egingo da. Bertan parte hartuko du, besteak beste, Martin Daly musika eskolako ikasleak. Martinek larunbatean joko du Arizmendi Ikastolan, 12:15ean. “Comptown races” abestia joko du. Ondoren, 20:00etan, Amaia Antzokian, lehiaketaren azken ekitaldia eta sari banaketa egingo dute.

Audra Almanaityte eta Cristina Perez irakasleek esan digute azken hiru hilabeteetan lan handia egin dutela eta esperientzia berriak bizitzera joango direla.