«ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA!» ekimena abiatu da, euskarari zentraltasuna emateko eskualdeko eskaintza turistikoan

Urola Kosta Euskal Herriko eskualde euskaldunenetako bat da eta, ekimen honen bidez, Udal Elkarteak eta eskualdeko turismo-eragileek euskara gure eskaintza turistikoaren erdigunean kokatu nahi dute, guregana datozen bisitariek jakin dezaten euskararen berri eta inguru honetan daukan presentzia handiaren berri.

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako ekimena da, eskualdeko bost herrietako turismo- eta euskara-zerbitzuek elkarlanean sustatu dutena, UEMArekin lankidetzan.

Atzo goizean aurkeztu zen Zarautzen eta bertan izan ziren Udal Elkarteko presidente Lourdes Salsamendi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Iker Goiria eta bost udaletako eta UEMAko ordezkariak. Xabier Eguzkitze eta Pili Manterola eskualdeko herritarrek ere parte hartu zuten prentsaurrekoan. Orioko Udalaren ordezkari Bakartxo Oliden turismo-zinegotzia izan zen.

Ekimen hau askoren arteko elkarlanaren emaitza dela nabarmendu zuten prentsaurrekoan. Ibilbide luzea egin du atzoko aurkezpenera iritsi arte, iaz abiatzekoa baitzen, baina pandemia-egoerak atzerarazi zuen.

Ekimenaren helburu nagusia bisitariei euskara ezagutaraztea da, gure kultura-ondarearen elementu bereizgarri gisa. Hori lortzeko, turismo-sektoreko eragileen eta herritarren inplikazioa bilatuko du.

Euskaraz bizi den eskualdea

Udal Elkarteko presidente Lourdes Salsamendik nabarmendu du nagusiki euskaraz bizi den eskualdea dela gurea: «Sinesten dugu gurera datozenei gure izaera eta nortasuna ikusaraztea dela eskaintzeko dugun balio erantsirik benetakoena. Bisitariei herri euskalduna garela erakutsi eta euskara ezagutzeko aukera emango zaie. Euskara partekatu nahi dugu bisitariekin, eskualde euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Guk euskara dugu gure harremanen ardatz; euskaraz bizi gara, eta euskara biziz».

Bisitariei ez ezik, eskualdeko herritarrei ere zuzenduko zaie kanpaina, euskaldun gisa ahaldundu daitezen eta euskarazko harremanak areagotu ditzaten bisitariekin nahiz bertakoekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Iker Goiriak kanpainaren egokitasuna eta garrantzia azpimarratu zituen prentsaurrekoan: «Berebizikoa da gure herrira datozen bisitariei euskararen gaineko ikuspegi erakargarri, moderno eta bizia helarazteko». Goiriak nabarmendu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo-estrategiarekin «erabat lerrokatutako» egitasmoa dela.

Sentsibilizazioa, proiektuaren oinarri

Kanpaina honen bidez, bereziki jorratuko da turismo-sektoreko eragileen sentsibilizazioa. Iaz, 11 formazio-saio antolatu ziren herriz herri, sektoreari kanpaina aurkezteko, euskarak eskaintza turistikoan duen pisua nabarmentzeko eta beren zerbitzua euskaraz eskaintzearen garrantziaz jabetzeko.

Sentsibilizazio-lan horri segida emateko, udan zehar bideo-pilula batzuk zabalduko dira sektoreko jendearen artean eta eskualdeko herritarren artean, azalduko dutenak euskarak zein toki izan dezakeen bisitariekin ditugun harremanetan.

Euskarriak, bost hizkuntzatan

«ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA!» kanpainarako prestatu diren euskarri guztiak bost hizkuntzatan daude: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez. Euskarri guztietan, hitz edo esaldi laburrak ageri dira bost hizkuntza horietan, bisitariak bultzatzeko euskararekin harremanetan jartzera; modu arin, ludiko eta pedagogiko batean, betiere.

Euskarrietarako argazkiak eskualdeko bost herrietan egin dira. Orion, faroletatik zintzilik jarriko dira euskarri horiek eta, horrez gain, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan ere jarriko dituzte ekimenaren logoa duten binilozko eranskailuak eta bestelako euskarri batzuk.

UEMAk egun hauetan aurkeztu duen «Bertatik Bertara» kanpaina ere integratuko da «ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA!» ekimenean eta, horren bidez, eskualdeko taberna eta jatetxeetan 150.000 mahai-zapi banatuko dira, kanpainaren mezua zabaltzeko. Mahai-gaineko horiek iaz Orion zabaldu zirenen antzekoak izango dira, baina aurtengo ekimenaren logo eta irudietara egokituta.

Azkenik, badira urte batzuk eskualdean patrikako hiztegitxo batzuk ere zabaltzen direla bisitarien artean eta horiek ere ekimen berri honetara egokitu dira aurten.

Orion, datorren astean banatuko dira euskarri guztiak eta, horrekin batera zabalduko dira, baita ere, egitasmoaren spot nagusiak.

Orioko establezimenduek oso harrera ona egin diote ekimenari eta gogoz parte hartuko dute. Oraindik izena eman ez duen norbaitek parte hartu nahi badu edo gaiari buruzko informazio gehiago nahi badu, jo dezala turismo-teknikariarengana (turismo@orio.eus / 639 855 946)

Xabier Eguzkitzeren bertsoak

Atzoko prentsaurrekoan bertso hauek kantatu zituen Xabier Eguzkitzek ekimenari buruz:

Orio, Getaria,
Zarautz ta Zumaia
itsaso bazterrean,
eta landan Aia… 
Zentzumenak esnatzen
dituen paisaia;
oporrez gozatzea
bada zure nahia,
bada maleta egiten
hasteko garaia. 

Turista nahasiak
badira hamaika, 
Osborneren zezena,
galizarren gaita,
flamencoa ta copla
souvenirtzat nahi ta…
Ez diezagutela
halakorik aipa;
hau Euskal Herria da,
hau beste zerbait da. 

Zeru, mahasti, batel…
zuri, berde, gorri…
leku hau betitik da
euskararen herri. 
Kultura sustrai eta
hizkuntza oinarri,
ez duzu alde egingo
sentipen egarri. 
Esku-zabalik gaude, 
zatoz! Ongi etorri!

OngiEtorriPrentsaurrekoa21