Orioko 13. artisautza azoka

Igandean, uztailak 31, Orioko 13. artisautza azoka izango da herriko plazan, Udaleko Kultura Batzordeak antolatuta. Azoka 1993an antolatu zen aurreneko aldiz eta, geroztik, urtero egin izan da. Orain arte, beti, abuztuaren lehen igandean egin izan da; baina aurten astebete aurreratu du Kultura batzordeak, Zarauzko artisauen erakusketarekin batera ez tokatzeko.

Artisautza azoka goizeko hamaikak aldera irekiko da, eta egun osoan izango da zabalik, goiz eta arratsalde. Iluntzeko zortzi eta erdiak edo bederatziak aldera bukatuko da.

Aurtengo azokan 16 postu izango dira. Aurten parte hartuko duten artisau guztiak Euskal Herrikoak dira. Horien artean alor guztietako artisauak daude, eta azokan denetik izango da: zeramika, larruzko lanak, bitxiak, zilarra, ukenduak, zurezko maketak, oihal pintatuak, harri lanak eta abar. Iaz bezala, Ataungo talogileak ere bertan izango dira.

Artisauek egiten duten lana ezagutzeaz gain, beren produktuak erosteko aukera ere izango dute bertara hurbiltzen direnek.