Orioko Udalak, lehenengo aldiz, gune bat sortu du, herriko emakumeek prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko. Gune hori kultur etxean kokatu du eta dagoeneko martxan dago.
Gaur eguerdian egin dute Ahalduntze Eskolaren aurkezpena udaletxean. Bertan izan dira, batetik, Anuska Esnal alkatea, eta, bestetik, Orioko emakumeen diagnosia egin berri duten bi teknikariak: Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola.
Anuska Esnalek bertan esan duenez, «Herriko errealitatean egokitutako politika feministak gauzatu nahi ditugu eta, horretarako, Orioko emakumeen beharren diagnosia egitea izan da abiapuntua. Diagnosi horren datuak oso esanguratsuak dira: badugu zer hobetua berdintasunean bizi den herria izan nahi badugu! Berdintasun-politikak sustatzea martxoaren 8an zapi morea janzteaz haratago doa eta, horregatik, ibili behar dugun bide luzearen lehen pausoa da Ahalduntze Eskola».
Eider Goiburuk eta Aizpea Esnaolak egin dute Orioko emakumeen beharren diagnosia. Ahalduntze Eskola diagnosi horren baitatik sortu dela adierazi dute: «Dugun aniztasuna kontuan izanda —sexua, jatorria, adina…— emakumeak ahalduntzea eta gure arteko sarea bultzatzea da helburua, partaidetza soziala eta politikoa indartzeko». Orioko Ahalduntze Eskola gune egokia izango da emakumeek prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko. «Ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzeko prozesuan, aurrera egiten lagunduko diguten gaitasunak ikasi eta garatuko ditugu bertan».
Lanerako hiru ardatz
Ahalduntze Eskolaren diseinua diagnosiaren emaitzetatik abiatu da. Hiru ardatz izango ditu ekimenak:
- Ahalduntze eskolak
- Apal morea
- Harrera zuzeneko zerbitzua
Ahalduntze Eskolan ikastaro, hitzaldi eta bestelakoak eskainiko dira emakumeentzat, gai askoren inguruan: gorputza eta osasuna, indarkeria matxista, emakumeen autonomiarako baliabideak, parte hartzea…
Horrez gain, liburutegian hainbat liburu feministez osatutako apala sortuko da herritar guztientzat. «Pentsamendu eta eskaintza feminista zabaltzeaz gain, herritarrak Ahalduntze Eskola proiektura gerturatzeko zubia eraiki nahi dugu» nabarmendu dute Eiderrek eta Aizpeak.
Herritarrekin komunikatzeko, hainbat bide erabiliko ditu Ahalduntze Eskolak. Batetik, bulego bat dute Kultur Etxean eta bulego hori irekita egongo da ostegun goizetan eta ostiral arratsaldetan. Bertan jaso nahi dituzte emakumeekin lotutako ekarpenak, proposamenak, beharrak… Teknikariak han izango dira horiek guztiak entzun eta bideratzen laguntzeko.
Horrez gain, beste bide hauek ere erabili daitezke Ahalduntze Eskolako bi teknikariekin harremanetan jartzeko:
- Posta elektronikoa: ahalduntzeeskola@orio.eus
- Telefonoa: 623 178 553
- Twitter: @ahalduntze
- Facebook: @oriokoahalduntzeeskola
- Instagram): @oriokoahalduntzeeskola
Diagnosiaren aurkezpena
Goiburu eta Esnaola teknikariek Orioko emakumeen ahotsak eta esperientziak biltzen dituen diagnosia osatu dute. Diagnostiko horren emaitza orokorrak azaroaren 14an aurkeztuko dira 18:30ean, Salatxo aretoan.
Udalaren webgunean ere (www.orio.eus), eskuragarri egongo da dokumentua, behin aurkezten denean.